Testuen azterketa

Komunikaziorako gaitasuna ebaluatzeko, modu batera edo bestera testuetarantz iritsi beharra dago. Didaktika-proposamenetara iristeko (eta didaktikatik abiaturik), testuak aztertzeko ikerketa-metodologia definitu beharra dago eta hartara, hizkuntzalaritzaren esparrura hurbildu. Gaurko zirriborro hau liburu honen irakurketatik dator eta ondorioz, Jean-Paul Bronckart eta Genevako Eskolako lanetik eratorritakoa da (nolanahi ere, zirriborrotzat baino ez da hartu behar):

Plazaola, I., Alonso Fourcade, M.P. (ed.) (2007). Testuak, diskurtsoak eta generoak. Euskal testuen azterketa korrontea. Donostia: Erein

Hizkuntza, giza-jarduera denez, konplexua da eta hartzen den interpretazio-eredua harturik ere, beti partzialak izango dira jasotzen diren datuak. Hizkuntza esaldira mugatzea adinako arazoa izango da komunikazioa testura mugatzea. Hori dela eta, diskurtsoaren azterketaren inguruan egingo diren analisiak triangelu didaktikoaren ikuspegian kokatuko dira.

Hori esanda, testuen ikerketaren inguruko bi hitz bilduko ditut post honetan. Testuak ikertzeko Genevako Eskolak 85eko modeloari segiz garatutako metodologiaren arabera, lehenik testuen analisi kualitatiboa egiten da, analisi-unitateak testuan markatzeko, eta horren ondoren, trataera estatistikoa egiten da, analisi deskriptiboa eta faktoriala batik bat, erabilera-maiztasunean oinarriturik. Analisi horren laguntzaz, parametroak eta euren arteko erlazioak zehazten dira eta handik, interpretazio-modeloa.

Metodologia horren antzera egin nuen lan ikerketa honen aurrekaria den foroen analisian (hurbilpen gisa). Modeloa horrela eraikitzeak errepikakortasuna bilatzen du, alegia: balio berak direnean, hizkuntza-unitate mota bera agertuko litzateke. Hala, testu mota baten parametroak ongi definiturik eta atzemanik, beste testu mota batetik bereiziko litzateke. Ikuspegi didaktikotik, metodologia hau erabil daiteke ikasleek erakutsitako maila bereizteko, adibidez, maila-adierazle egokiak atzemanez gero, “testu mota” testu-tipologien sailkapen gisa ulertu ordez, “testu-maila” gisa ulertuta.

Bronckart, Bain eta beren lantaldeak 1985ean zehaztutako parametroen sailkapena arretaz begiratu dut, oso soluzio argia ematen baitu parametroen balioen aurrean:

- Ekoizpen-egintzaren balioak honela identifikatu daitezke: Ekoizlea (P), Ekoizlekidea (CP) eta Espazioa/Denbora (S/T). Balio hauek bi multzotan banatu daitezke: erreferente-balioak eta gizarte-elkarreragineko balioak.

Erreferente-balioak ekoizle, ekoizlekide eta espazio/denbora parametroak batera har ditzake eta hala, ainguratutako diskurtsoa osatu, edo disoziatua (disjuntua) osatu. Gizarte-elkarreragineko balioek, aldiz, xedea, leku soziala, igorlea eta hartzailea dituzte parametro eta horren arabera, inplikatua izan daiteke (parametro guztiak kontuan hartuta) edo autonomoa.

Bronckart, J.P., Bain, D., Schneuwly, B., Davaud, C. & Pasquier, A. (1985). Le Fonctionnement des discours. Un modèle psychologique et une méthode d’analyse. Lausanne: Delachaux et Niestlé.

Modelo horretatik, ideia nagusi hauek erauzi nahi ditut:

- Gauza bera ez bada ere, zentzu handia du lan egiten dudan testuinguruan (komunikaziorako gaitasun akademikoan) bi testu-jarduera hauek bereizteak: funtzio erreferentzial autonomoa duten testuak eta gizarte-elkarreragina duten testuak. Normalean, lehenak lantzen dira, ikuspegi akademiko-zientifikoan nagusi direlako, baina bigarrenak ohikoagoak dira jakintza akademiko-zientifikoaren garapenean eta testuinguru profesionaletan, baina hizkuntzaren erabilera bereizgarria dutelako hipotesia egin daiteke, baita garapen didaktiko bereizgarria ere.

- Ainguraketa diskurtsiboa parametro gisa kontuan hartzea testu erreferentzialetan. Ikas-testuinguruetan parametro honek esanahi berezia hartzen du, batez ere testu akademikoak eta zientifikoak bereizteko.

- Leku Sozialaren kontzeptua konstruktu gisa definitzea. Kontuan hartuta ikerketa honetan aurrez aurreko lekuak eta leku birtualak tarteratzen dituela, bi leku hauen arteko aldeak deskribatzea eta parametrizatzea interesgarria izan daiteke. Testuinguru fisiko-birtualak eta sozio-subjektiboak eragina dute testua eraikitzeko hartu beharreko erabakietan eta zenbaitetan, erabakiak hartzeko estrategiak eta erak dira ikuspegi didaktikotik landu beharrekoak, eta ez (soilik) zuzenean ekoitzitako testua.

- Segida isotopikoak edo urruneko mendetasuna duten elementuak behatzea (Greimas, 1966). Makroegitura kognitiboak dira, testua hierarkikoki antolatzen dutenak, eta kohesio-elementuen kontzeptua hedatzen dutenak.

- Bi hizkuntza-elementu gako: pertsonak (1. edo 3. pertsonak / 1. eta 2. pertsonak) autonomia edo elkarreragina bereizteko eta adizkiak (orain/lehen) ainguraketari begira.

Bronckart, J.P., Bain, D., Schneuwly, B., Davaud, C. & Pasquier, A. (1985). Le Fonctionnement des discours. Un modèle psychologique et une méthode d’analyse. Lausanne: Delachaux et Niestlé.

Greimas, A.J. (1966). Sémantique structurelle. Paris: Larousse.

Plazaola, I., Alonso Fourcade, M.P. (ed.) (2007). Testuak, diskurtsoak eta generoak. Euskal testuen azterketa korrontea. Donostia: Erein

Ikus. http://liburuak.blogspot.com/2011/08/elkarreragin-sozio-diskurtsiboa-eta.html

This entry was posted in Metodologia and tagged , , , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>