Konstruktu deritzogu testatu nahi dugun trebetasun horri. Konstruktua definitzen den erak ondoren egingo diren testak, eskalak, emaitzak… baldintzatuko dituenez, garbi izan behar da nola definitu eta baliozkotu.
Idatzizko komunikazioari lotutako konstruktua definitzeko, mugatu behar da zein faktore dauden bizitza errealeko hizkuntzaren erabileran eta faktore horietarik zein diren funtsezko neurtu nahi den horri begira, alegia, zer neurtu nahi den eta zer ez, tresna eta proba horien bidez. Hala, konstruktuak asmo jakin batekin definitzen ditugun abstrakzioak dira (Alderson, 2000).
Konstruktu jakin bat eraikitzeko, galdera hauei gutxienez erantzun behar zaie:
- Zein eredu edo teoriatan oinarrituko da konstruktua?
- Zein datu enpiriko jaso behar da konstruktu horren informazioa bildu eta konstruktua bera baliozkotzeko?
- Zein parametro izango dira egonkorrak, prozesuan aldatuko ez direnak – eta ondorioz, neurtuko ez direnak?
Konstruktu baliagarritasunak erreferentzia egiten dio testen emaitzetan oinarrituta egiten diren interpretazioen esanahikortasunari eta egokitasunari. Konstruktuaren baliozkotasuna prozesu bat da jakiteko ea testak benetan neurtzen duen neurtu beharko lukeena (Bachman eta Palmer, 1996).
Konstruktua baliozkotzeko, teoriaren azalpen errazionalaz gain, datu enpirikoak behar dira: beste datu batzuekiko korrelazioa, puntuazioaren zailtasuna eta desberdintasuna neurtzeko ahalmena, eta desberdintasun horiek talde batetik bestera edo eskuhartze batetik bestera bere horretan jarraitzea (alegia, neurtzea espero dena testuinguru desberdinetan neurtzea) (Chapell, 1998).
Konstruktua hiru modutara frogatu behar da gutxienez (Cushing, 2002):
(1) Diseinatzen den zereginak testatu nahi dugun idatzizko era hori eragin behar du
(2) Puntuatzeko irizpideek kontuan izan behar dituzte konstruktuaren definizioan sartu diren idatzizkoaren osagaiak
(3) Irakurleek irizpide horiei atxikita puntuatu behar dituzte lanak
Hortik, zereginaren diseinuaren garrantzia.
(Post honetarako oharrak liburu honetatik hartu ditut: Cushing, 2002)
Erreferentziak:
Alderson, J.C. (2000). Assessing reading. Cambridge: Cambridge University Press
Bachman, L.F., Palmer, A.S. (1996). Language testing in practice. Oxford: Oxford University Press
Chapelle, C.A. (1998). Construct definition and validity inquiry in SLA research. In L. Bachman and A. Cohen (eds.), Interfaces between second language acquisition and language testing research (pp. 32-70). Cambridge: Cambridge University Press
Cushing, S. (2002). Assessing writing. Cambridge: Cambridge University Press