#pblesp12 jardunaldietako kronika guztiz subjektiboa
Ez da erraza jardunaldietako kronika egitea, batez ere gauza asko galdu ditudalako. Hori da antolaketan aritzearen kostua... Ez naiz saiatuko den-dena kontatzen, esperientziak zehatzago ezagutzeko, gomendatzen dizuet jardunaldietako webguneari jarraitzea, bertan argitaratuko ditugulako aurkeztutako esperientziak zehatzago, banan-banan: http://www.pblesp.org/
Beste post hauek ere interesatuko zaizkizu, gehiago jakiteko:
- DIREBLOG: pblesp12, Manuel Jesús Fernández Naranjo @manueljesusF-rena
- RECURSOS GEOGRÁFICOS: Si no hubiese locos la sociedad no avanzaría #pblesp12, José Luis Redondo Prieto @jlred1978-rena
- ENTRE COMILLAS: El largo recorrido de la REDsidencia de Estudiantes (I): jornadas #pblesp12, Nacho Gallardo @profenacho08-rena
- BLOG DE GEMA DE PABLO: II Jornadas PBL y Metodologías Activas, Gema de Pablo @gemadp-rena
- ÀMBIT CIENTÍFIC (el blog): #pblesp12 Sevilla, Sergio Mestre @smestref-rena
- EL MUNDILLO DE LAS TIC: II Jornadas de PBL de Sevilla, Manuel López Caparrós @capileiratic-ena
- BLOG HONETAN: #pblesp12 jardunaldien backstage-a: antolaketaren balantze pertsonala
Jardunaldien lerro nagusiak
Gaien aldetik, hainbat kontu jorratu badugu ere, hauek izan dira lerro nagusiak:
1) Metodologia aktiboen aukera zabala erakustea
Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) da jardunaldiek sustatzen duten metodologia aktibo nagusia, baina bestelakoak ere badira eta osasuntsua da metodologia desberdinen berri izatea, kasuan kasuko egokiena hautatzeko. Horregatik, Problemetan Oinarritutako Ikaskuntza tailerra izan genuen Jordi Guim-en eskutik (ikus Jordi Guim-en ekarpenen artikulua jardunaldietako blogean), eta Kasu Metodoen mahai-ingurua, Pilar Colás katedradunak koordinatua. Azken mahai honen kasuan, gainera, ezustekoa izan zen antolatzaileontzat Trevor Hassall doktorearen partehartzea, jardunaldiak hasita zeudelarik jakinarazi zigutena.
2) Arlo artistiko eta sortzaileen ekarpena proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan: kontu jakina da arlo artistikoek etengabe jasaten duten erasoa Hezkuntza Sisteman, baina, era berean, kontu jakina da arlo sortzaile eta artistikoak funtsezkoak direla PBL proiektu gehientsuenetan, bai zehar-gaitasun gisa, bai gaitasun espezifiko gisa. Horregatik, mahai berezi bat izan genuen zeinetan erakundeen arteko harremanak sustatzea aldarrikatu baitzen, musikaren diziplinaren ikuspegitik. Mahai horretan, LOVA eta inLOVA proiektuetako Miguel Gil Casado eta musika arloarekin lotutako proiektu sendo askotan lan egin duen Eva Lainsa izan ziren hizlariak eta argi erakutsi zuten zeresan handia duela arteak proiektuen erakuntzan. Oso maila oneko mahaia eratu zuten, euren esperientzia zabala eta "begi ona" oso agerian geratu zelarik, bete-betean asmatu baitzuten eztabaidan: erakunde arteko lanean, lan boluntarioa eta pertsona zehatzen ekimena alde batetik, eta erakundearen beraren jarrera eta profesionaltasuna halako proposamenen aurrean. Asko disfrutatu nuen mahai honetan eta baita asko ikasi ere.
Horrez gain, oso deigarria egin zitzaidan Asun Moral eta Uxue Arbe-k erakutsi ziguten Komikien Irakurketa Klubaren esperientzia nafarra; oso modu xumean eraikitzen hasitako bideak emaitza onak eman ditu DBH eta Batxilergoan (@rompiendocalend). Komikien hautaketan erakutsitako sentsibilitatea eta irakasleen partaidetza horizontala dira, beharbada, alderdi interesgarrienak.
3) Formaziorako proposamen sendoak eratzea: oso maila oneko proposamenak izan dira jardunaldietan. Hasteko, Rosanna Mucetti-ren bideo-hitzaldia izan genuen, zuzenean Washington DC-tik; arazo teknikoen ondorioz ahalegina egin behar zen bere hizketari segitzeko eta luzeago ariko ginen, baina maisuki erakutsi zizkigun PBLren oinarriak (BIEren proposamenaren ikuspegitik) eta ikastetxeen eraldatzerako gakoak, bai formazioaren aldetik, bai egitura aldatzearen aldetik. Berak aipatu bezala, ezin dira proposatu irakasleen formaziorako 3 urte baino gutxiagoko prozesuak, eta beraiek 3 eta 5 urteko epeekin lan egiten dute. Oso albiste ona eman zigun: laster argitaratuko dituzte doan gaztelaniazko material ugari euren webgunean: http://www.bie.org/
Gertuago, bi formazio-esperientzia azpimarratu nahi nituzke: Alde batetik, Proyéctate formazio eta partekatze horizontalerako sarea, @jmruiz-ek aurkeztua. Elkarren arteko formazio jarraitua sustatzen da eta proiektuak diseinatzeko ideiak eta esperientziak trukatzea, elkarrengandik ikasi eta ideiak hartzeko. Honelako sareak oso ondo daude metodologia aktiboen bidea urratu duten irakasleak bere baitan hartzeko eta hobetzen segitzen laguntzeko, eta ideien mintegia ere eratu dute. Espero dut laster hastea nire hazia sare horretan ereiten.
Ahalegin hauek, zoritxarrez, ez dira nahikoak, irakasle gehienak ez baitabiltza sare birtualetan. Nola lagundu irakasleei lehen urratsak ematen? Asko interesatu zitzaidan Pepe Lozano @pepe_lozano, Consuelo Palacios et Pilar Sánchez-en esperientziaren berri izatea, ARCE programaren barruan Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen formazioan, gako diren alderdiak azaleratu baitzituzten eta eztabaida garrantzitsua piztu zuten bost galderaren inguruan:
- Proiektuetan lan egiteak zure urteko plangintzan aldaketak eragin ditu? Azaldu aldaketa nagusiak.
- Zein aldaketa metodologiko suposatzen du proiektutan lan egitea ikasgelan? (espazioen antolaketan, taldekatzeetan, baliabideak, jarduerak...)
- Aldaketak egin dira ebaluazioaren diseinuan?
- Zeure esperientziaren arabera, zein elementu, barne zein kanpo elementu, dira proiektu bidez lan egiteko proposamenak errazten edo zailtzen dituztenak?
- Zein neurritan da irakasleen formazioa faktore adierazgarria ikastetxeetan egiten diren planen praktikan, garapenean eta iraunkortasunean?
Bost galdera hauek formazio prozesuaren amaieran egiten dituzte eta ondo jasotzen dituzte ditugun oztopo nagusiak: irakasle askok proiektuak txertatzen dituzte formazio-prozesuaren eraginez, baina egiten duten aldaketa txikia da eta askotan proiektuak euren programetan gehitu egiten dituzte besterik aldatu gabe eta ezer kendu gabe, gehigarri gisa. Rosanna Mucetti-k gogorarazi zigun bezala, proiektuak ez dira "postre" bat, plater nagusia baizik, eta hori aldatzen ez dugun bitartean, txikia izango da egindako ahaleginaren emaitza. Beste kontu asko aipatu zituzten, oso interesgarriak, nire ustez bete-betean asmatu baitzuten egindako kritikan eta agertutako zalantzetan.
Proposamen hauez gain, formazioaren alderdi teknologikoa aztertu duten beste bi proposamen izan genituen, Jordi Guim eta Gema de Pablo-rena. Bietan, osagai teknologikoak garrantzi handia izan du baina era berean, bi proposamenek alderdi metodologikoak indartu dituzte eta ohartarazi dute teknologiaren erabileran formatzeak, betiere helburua metodologian jarrita, ate berriak zabaldu(ko) dituela, irakasleak sare-ekimenetara ohitzeko eta adibidez, Espiral PBL edo Proyéctate sareetan parte hartzera animatu.
4) Ikasleen ahotsaren garrantzia: aurten berriz ere ahaleginak egin ditugu ikasleek parte har dezaten jardunaldietan. Ezinbestekoa da jakitea nola bizi duten eurek metodologia aktiboekin lan egitea, baina ez da erraza ikasleak erakartzea halako jardunaldietara. Badakigu Hezkuntza ikasketak egiten ari diren ikasleak etorri direla eta hori oso positiboa da, baina guk ikasleen ikuspegia entzun nahi genuen. Horretarako, bi saio izan genituen oso garrantzitsuak izan zirenak benetan inpaktua izan zutelako: Nacho Gallardo eta beren ikasleen partehartzea REDsidencia de estudiantes proiektuarekin eta Sevilla, Donostia eta Gasteizko Magisteritza ikasleek elkarrekin antolatutako PBL express proiektua CEIP Híspalis-eko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin.
Lehenik haurrek aurkeztu zituzten euren proiektuaren emaitzak. Bi ordu eta erdi izan zituzten proiektua garatzeko: "Heroia izan nahi duzu?". Proiektu hau Magisteritza eta Psikopedagogiako ikasle hauek diseinatu eta garatu zuten: Lucía García eta Marta Estefanía Gómez @MARDEDUCACION (Sevilla), David Doblas @DavidDoblas (Donostia) eta Mikel Gartzia @mikelsgartzia (Gasteiz). Galdera eragilera Save the Children-en "We Can Be Heroes" proiektuan oinarritu da (horretarako erakunde honekin harremanetan jarri ziren izenburua erabiltzeko baimena eskatzeko) eta proposamena hauxe: "Nola izan zaitezke heroi krisi egoera honetan? Nola lagundu, zein izango da zure ekarpena?". Galdera honen aurrean, besteak beste rol joko bat proposatu zieten haurrei, Lehen Hezkuntzako Graduko 1. mailako ikasle hauen proposamenean oinarrituta: Abigail Caminos, Janire Cuesta, Lucía Egileta eta Ane Gaztelumendi. Rol joko horretan, ikasle-talde bakoitzari familia bat izatea egokitu zitzaion, diru-sarrera eta gastu behar jakin batzuk zituena.
Helburua zen haurrek ikustea zenbat diru gastatzen den "ikusi gabe" (alokairua edo mailegua, argia, ura, eskolako fakturak...) eta zein desberdintasun zeuden egokitutako familiaren arabera. Oso lan ona egin zuten, jardunaldiko audientziaren aurrean aurkeztu zutena: 5 haurrek aurkeztu zituzten ondorioak eta beste haur batzuek galderak egin zizkieten. Haurren irakasleak harrituta eta pozik ikusi zuten zein gaitasun komunikatibo ona erakutsi zuten haurrek halako entzuteriaren aurrean. Lan bikaina egin zuten Magisteritzako ikasleek elkarlanean eta oso eskertzekoa izan da CEIP Híspalis-eko zuzendaritzak eta tutoreak proposamen hau garatzeko eskainitako borondatea eta laguntza.
Ondoren, Nacho Gallardo eta bere batxilergoko ikasleek Literatura irakasgaian garatutako REDsidencia de estudiantes proiektua aurkeztu zuten. Ikasle hauek zientzia adarrakoak ziren eta nahiz eta selektibitatea gainean izan, lan itzela egin dute literatura eta sare sozialak bateratuz 27ko Belaunaldia lantzeko (informazio gehiago hemen). Saioa hasi aurretik, ikasleei esan nien ez zela beharrezkoa "gauza onak" soilik kontatzea, berez kritikak, zailtasunak asko interesatzen zitzaizkigula gure proiektuak hobetzeko eta beraiengandik ikasteko, eta libre sentitzeko euren iritzia ematean. Beren partehartzea hunkigarria izan zen: irakasleari eskertu zioten halako proiektua egiteko aukera izatea eta ikasle batek aipatu zuen nola disfrutatu zuen selektibitatean literatura azterketa egin zuenean, literatura beste modu batera ikusten hasi zelako.
Azkenean ikasle batek esan zuen: "Jardunaldietan zehar asko entzuten ari naiz hemen zaudetenak eroak zaretela halako lanetan sartzeagatik; irakasle ero gehiago egongo ahal da! Eskerrik asko hain eroak izateagatik, zuei esker askoz gehiago ikasi dugu". Hitz horiek asko aipatu ziren, bai sareetan eta bai bertaratutakoen artean, metodologia aktiboetan lan egiteak suposatzen duen lan-karga, korrontearen kontra egitea, lankideekin eta zuzendaritzekin borrokatzea merezi zuelako ideia indartu baitzuen.
5) Curriculum irekia eta erakundeen eraldaketa: hementxe dago gakoa eta oraindik asko dago egiteko, baina bide horretan, lagungarria da hezkuntza-maila guztietako eragileen indarrak biltzea. Horregatik, gai hau jardunaldi osoan zehar presente egon bazen ere, itxiera-mahai gisa planteatu genuen. Mahai hau osatzean, antolaketa aldetik protokolo errore pare bat izan genuen eta horregatik barkamena eskatu behar dut, mahai sendo bat izateari gehiegi begiratu geniolako eta ohartu gabe, partaideei komunikatzean hutsegiteak izan genituelako. Horregatik, bereziki eskertzen diet mahaian parte hartzera animatu ziren pertsonei, interesgarria eta mamitsua izan baitzen bertan aipatu zena. Labur geratu bazitzaigun ere, bertan aipatu ziren gaiek ondo islatu zituzten gakoak. Lehen Hezkuntzako Pilar Mora (@pily) eta Lola Urbano (@nololamento), Bigarren Hezkuntzako Joaquín J. Martínez (bere proposamena hobeto ezagutzeko begiratu post hau), Heziketa Bereziko Estefanía Saldías (@Estefaniamsl), familia aldetik María Montero (@NicolasaQM) eta Unibertsitatetik J.J. Calderón (@eraser) eta biok (beno, uste dut @eraser familia gisa aritu zela gehiago...).
Mahaian agertu bezala, curriculum irekia posible da baina ez probable.
Joaquínek oso ondo azaldu zuen garatu direla esperientziak zeinetan irakasgaiak osorik eraldatu diren proiektu bidez garatzeko, berea kasu. Estefaníaren arabera, curriculum irekia beharrezkoa da eskola inklusiboa lortu nahi badugu, proiektuen bidez lan eginda errazago kokatu baitaitezke behar edo zailtasun bereziak dituzten haur eta gazteak.
Pilar eta Lolak batez ere zailtasunak aipatu zituzten: eurak euren eskoletan planteamendu irekiak eta inklusiboak sustatzen bazuten ere, lankideak bide horretan jartzea ez dela erraza eta gainera ez dagoela motibazio handirik eraldaketa sustatzeko, alderantziz, bide irekien alde egiten dutenek traba asko dituzte, besteak beste familiekin. Pilarrek modu positiboan aipatu zituen lortutako aurrerapenak eta saiatzen dela erakusten bide hori hasieran zaila bada ere, interesgarriagoa eta pozgarriagoa dela funtsean. Lolak, bere aldetik, testuliburuen indarra azpimarratu zuen eta baita ere, zein latza den ikustea Lehen Hezkuntzaren hasieran haurrei proposamen irekiak planteatuta erakutsitako gaitasunak ezagutu ondoren, azken zikloan berriz elkartzean nola "otzandu" diren berriz haurrak, proposamen itxi eta murriztaileen ondorioz.
Maríak eta Juanjok familia askoren atsekabea agertu zuten, gogorra baita seme-alabak eskolara bidaltzea jakinik askotan itzali egiten dela euren sormena eta ikas-mina, eta irakasleen profesionaltasunaren garrantzia aipatu zuten, ez baitu denak balio.
Eztabaida mamitsu horretan nahiago izan nuen hitza ez gehiegi hartu, baina kontrako eszenatoki bat planteatu nahi izan nuen: zer gertatuko litzateke irakasle guztiok, orain dugun antolaketan, PBL metodologia aplikatuko bagenu? Nolabait, azpimarratu nahi izan nuen egiturak aldatzea ezinbestekoa dela: irakasgai partiketa zentzugabea, erakundearen espazioen antolaketa okerra eta jakintza partzelatu ilogikoa guztiz eraldatu behar dugula, baita adinaren araberako antolaketa ere. Eskola erakundeak malguagoa izan behar du PBL metodologian lan egiteko eta bestela, gure gelako txoko txikian gauzatutako esperientzia anekdotiko izatetik askoz haratago ere ez zela iritsiko.
Kontu asko daude egiteko eta jardunaldi hauen bidez erakundeen arreta deitu nahi dugu, esperientzia isolatuak izatetik eraldaketa sustatuko duten esperientziak izatera pasatzen hasteko. Ildo horretatik segituko dugu datozen urteotan (edo hala espero dugu behintzat!).
Esperientzien trukea eta poster saioa
Lerro nagusiez gain, jardunaldien helburu garbia esperientzien trukea da. Bereziki interesatzen zaigu ikas-mailen arteko eta diziplinarteko trukea erraztea, normalean geure jakintza-mailan edo arloan mugitzen garelako. Jardunaldi hauetan, Haur Hezkuntzako esperientzietatik hasi eta Unibertsitaterainokoak biltzen ditugu, Lanbide Heziketa, Helduen Hezkuntza, Zuzenbidea, Erizaintza, Ingenieritza Aeronautikoa, Pedagogia... Esperientzia hauek kasu gehienetan poster formatuan partekatzen ditugu, joko handiko formatua baita: esperientziak gain-begiratu eta autoreekin hitz egiteko parada eskaintzen du formatuak, gertuko elkarrizketa, areto handietako distantziak laburtuz.
Aurkeztutako esperientzietatik, oso deigarria egin zitzaidan Sevillako Unibertsitateko Sergio Esteban-en Hegazkinen Kalkulua irakasgaiko esperientzia, PBL metodologia oso argi garatu zuelako, eta horregatik proposatu nion PBL tailerraren amaieran (Sevillako Unibertsitateko Mari Carmen Romero Ternero eta biok eman genuen tailerra) bere esperientzia aurkeztea, PBL nola gauzatzen den erakusteko adibide gisa. 6 urteko esperientzia du Sergiok PBL metodologian eta bere proposamena eta gida osoa ikusita, oso eredugarria iruditu zitzaidan bere lana. Hemen duzue informazio gehiago eta bere aurkezpena.
Horrez gain, asko gustatu zitzaidan Luismi Iglesias-ek matematika eta hizkuntza arloak bateratuz eskaini zizkigun proposamenen aurkezpena. Bertan, Luismik azken urteotan bi arlo horiek uztartzeko garatutako hainbat esperientzia eskaini zigun, hala nola irakurketa txoko matematikoa, poesia eta algebra, matematikarien biografiak... Hizkuntzatik matematikarako bidea egin izan dut hainbatetan eta oso baliotsua egin zitzaidan matematikatik hizkuntzarako bidearen berri izatea. Begiratu hemen bere bloga: http://profeblog.es/blog/luismiglesias/
Poster saioan bi txanda aurreikusi genuen baina, partaideen eskariz, denak batera landu genituen, posterren lehen saioan paraleloan Kasu Metodoen mahai-ingurura hurbiltzeko interes handia baitzuten. Poster saioa Sevillako Unibertsitateko Mari Carmen Romero eta neure artean dinamizatu genuen, bi azpitalde sortuta (eskerrik asko Mari Carmen nirekin elkarlanean aritzeko eskainitako konfiantzagatik!). Hauek izan ziren poster saioan aurkeztutako esperientziak:
- PBL en formación inicial del profesorado de Educación Primaria y Secundaria. Prudencia Gutiérrez, Rocío Yuste.
- Proyecto anual: "Un viaje en el tiempo". Catalina Aroca.
- Actividades lúdicas para el aprendizaje del diseño de programas. Genoveva Leví, Tiberio Feliz.
- Experiencia en FP en el Centro de Estudios Juan XXIII. Jordi Guim.
- Proyecto de mejoramiento en áreas de lógico matemática. Capacitación de profesorado. Laura Bou.
- Aprendiendo desde el Yo. Experiencia de diversificación curricular. Estefanía Saldías.
- Percepción por estudiantes de la E.T.S.I. Agronómica de la Universidad de Sevilla del trabajo de fin de carrera de investigación en producción animal como PBL. Pedro González-Redondo.
- ABP en Enfermería. Competencias informacionales mediante metodologías activas. Mª Dolores Guerra, Ana García Redondo, Vicente Fernández Rodríguez, Encarnación María Zambrano Domínguez.
- ABP y su análisis a través de la Teoría de lo cotidiano e imaginario de Maffesoli. Cristina Clapes, Mª Dolores Roldán, Mª Dolores Guerra Martín y Mª Aurora Rodríguez Borrego.
- El ABP como técnica de innovación docente en Análisis Gráfico Arquitectónico. Mª Josefa Agudo.
- Experiencia en el uso de wikis colaborativas para el trabajo con rúbricas. Prudencia Gutiérrez y M. Lourdes Hernández Rincón.
Ezingo nuke esan zein interesatu zitzaizkidan gehien. Poster formatuari esker, denbora izan genuen autoreekin batera ikusteko, eta egia esan, deskubrimentu onak izan nituen. Webgune ofizialean joango gara esperientzia hauek argitaratzen (http://www.pblesp.org/) eta artikulu argitalpenaren berri emango dugu @pblesp Twitter kontuan, baita, ohi lez, #pblesp etiketaren bidez. Zuen pazientzia eskertzen dugu, denbora-tarteka aritzen baikara argitaratzen.











Zailtasun hauen aurrean, oso eskertzekoa izan da 






