Kfé Innovación #kfe03 eta bere ondorenak: hausnarketa

Kfé Innovación: hiriak eraikitzeko bide berrien bila

Hiria hiritarrok diseinatu behar dugu. Hori erraz da esaten, baina hiritarrok ez gara kolektibo bakar bat. Hiria bizi dutenak asko dira: bizilekua bertan dutenak, erroldan agertzen direnak (bertan bizi ala ez), lan egitera datozenak, bisitariak, erostera datozenak edo medikutara, turistak... Nork bere nahi eta interesak ditu. Zoritxarrez, lau urtean behin horietariko batzuek soilik egiten duten hautu politiko orokor baten menpe egoten da hiriaren garapena. Eredu pobrea, mugatua.

Kfé Innovación #kfe03 #Getxo 

Sareek aukera berriak eskaintzen dizkigute hiria bizi dugunoi zeresana izateko, partaidetza hori berdiseinatzeko. Horretarako, baldintza batzuk bete beharko lirateke orain betetzen ez direnak:

 

1) Beste leku batzuetan egiten denaren gaineko ezagutza. Hiri guztiak desberdinak dira eta nork bere bidea egin behar, baina normalean beste hiri batzuk bisitatzen ditugunean ez dugu izaten halako informaziorik. Kasu gehienetan turista izatetik haratago joateko aukera gutxi izaten ditugu. Ez dakigu zein diren hiri horien kezkak edo nahiak.

 

2) Hiriko datuak sakonki ezagutzea. Ez da bidezkoa proiektu baten aldeko edo kontrako iritzia eskatzea, jakin gabe proiektu horren kostuak zer suposatuko duen. Adibidez, auzo batean igerileku bat eraikitzeagatik zein proiektu egiteari utzi beharko zaion. Edo, Gabonetako argietan gastatzen den diru horrekin ze beste jarduera egin zitekeen. Datuak askatu behar dira, horrek dituen ondorio guztiekin, eta eskuragarri jarri forma desberdinetan.

 

3) Partaidetzarako eredu eta kultura berrietan hezi. "Hezi" hitzak ez du esan nahi ikastaro bat eman behar denik, baizik eta dinamizatu egin behar direla gizarte-jarduera partehartzaileak. Oraingoz, goitik behera datozenak dira esangura izan ohi dutenak, eta behetik gora doazenek "ezinegona" eragiten dute udaletan. Partaidetza ez da bertikala, horizontala baizik, eta horizontalidade horretan gurutzatu behar dira informazioa eta ideiak. Elkarrengandik ikasi behar dugu.

 

4) Partaidetzarako kanaleen arteko elkarguneak, nodoak. Ezin dugu pentsatu hirian parte hartzeko foro bat egongo dela. Sare asko daude dagoeneko osatuak baina askotan ez dugu izaten elkarren berri. Agregatzaileak, biltokiak edo konexio-puntuak garatu behar dira.

 

5) Espazio fisikoak. Hiria fisikoki kokatutako lurralde bat bada, lurralde horretan elkarren aurpegiak ikusteko espazioak behar dira. Liburutegiak ixiltasunean irakurtzeko dauden bezala, edo kiroldegiak ariketa fisikorako, berriketarako eta ideiak edo proiektuak trukatzeko lekuak behar dira, mahaiak dituztenak, aterpean gure kasuan, leku atseginak.

 

 #kfe03 Sevilla

Norabide horretan urratsak eman nahian sartu nintzen #kfe03 ekimenaren antolaketan.  #kfe03 lau hiritan batera egin genuen 2011ko martxoaren 15ean eta nire ikuspegitik behintzat, "proba" bat izan da, dinamika hau nola hobetu aztertzeko aurrera begira hiri gehiagorekin lan egiten hasteko.

 Kfé Innovación #kfe03 #Getxo

 Irudiak: Getxo ezkerraldean (agirregabiria on Flickr), Sevilla eskuinaldean (KL-ever's photos on Facebook)

 

#kfe03-ren metodologia

Aurrez aurre topatu aurretik, hainbat bilera egin ditugu dinamizatzaileon artean Skype bidez, saio hau antolatu nahian. Hainbat proposamen izan genituen eskutartean, denak nahiko zailak. Oraindik ere, teknologia arazo da eta aurrez aurrekotasunak denboralizazioaren kontrol zaila ezartzen du.

Lau ildo nagusi finkatuta, egoitza bakoitzak autonomia izan du debatea bertaratutakoen arabera gidatzeko. Twitter izan da gure tresna nagusia gainerako egoitzetan zer pasatzen zen jakiteko. Laburbilduta, hauek dira nire ustez alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak:

 

Positiboak: 

  • Antzeko debatea aldi berean beste hiri batzuetan gauzatzeak oihartzuna eman dio ekitaldiari, indarra. Elkar ikusi gabe ere, "zerbait berria" edo "zerbait garrantzitsua" egiten ari ginelako sentsazioak lagundu du mahai-ingurua.
  • Debatean aurrera egiten lagundu dute beste egoitzetan tuiteatzen ari ziren ideiek. Antzeko gaietan genbiltzala ikusteak ere, bultzada eman dio hainbat punturi.
  • Kfé Innovación-en ekimena izateak alderdikeriak saihesten lagundu du. Euskal Herrian bereziki, halako testuinguruak lagungarriak dira datorkigun marko politiko berrian haize freskoa sartzen laguntzeko. Zauri asko daude sendatzeko eta testuinguru berriak behar ditugu elkar desberdin ikusteko.
  • Gune bakoitzak autonomia izan du bere debatearen aurrerabidea erabakitzeko. Horri esker, Getxoren kasuari buruz ari naiz ondoen ezagutzen dudalako, hasieran urduritasun pixka batez baina erritmoa hartuta, solasaldi atsegina izan dugu.
 
 
Hobetu beharrekoak:
  • Berriz Getxoren kasuaz ari naiz: mintzagaiak zehaztu beharko genituzke eta proiektu zehatzak aurkezteko denbora-tartea zabaldu. Beharbada, lehen hurbilpen honen ondoren, paraleloki egin daiteke lan. Horretarako dugu, adibidez, Facebook-eko eztabaida-gunea, aurrera begira bertan proiektuak elkarlotzen joaten badira, saio bereziagoak antolatu ahal izateko.
  • Ikusgarriagoa egin gainerako egoitzetan pasatzen ari dena. Teknologiak huts egin zigun horretan, asmoa baikenuen nola edo hala beste egoitzetako giroa hurbiltzeko. Josu Garrok (@otxoluaLifestream bidez bere kanalean emititu zuen webkamera batekin, beharbada halako irtenbide bat nahikoa izan daiteke gutxienez gela barrukoa kanpora proiektatu ahal izateko. Antolaketan zehar aipatu genuen Skype bidezko ahotsezko konexio bat egin behar genuela, baina gero konexio-arazoak egon ziren Sevilla eta Bartzelonako egoitzetan.
  • Egoitza bakoitzean pertsona bat egotea gutxienez, Twitterren kfé bakoitzean gertatzen ari denaren berri emateko. Gure kasuan, nahiko aktiboki aritu ginen tuiteatzen, beharbada eztabaida leunagoa edo txandakatuagoa izan zelako, baina baita Twitter zelako gure konexio-tresna nagusia. Gainerako egoitzetan gutxiago erabili zen Twitter eta ez zen erraz jakiten zertaz ari ziren.
  • Prestaketak egiteko eta dena antolatzeko denbora. Ekitaldi hau antolatzeak hasieran aurreikusitakoa baino denbora eta ahalegin handiagoa eskatu du. Getxoren kasuan, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiot Mikel Agirregabiriari, bera arduratu baita antolaketa guztiaz, bere Getxoblog Elkarteko kideekin. Egoitza egokia bilatu behar da, wifi konexioaren potentzia ziurtatu, proiektorea eta pantaila, jendea bildu... Esan beharra dago Caja Badajoz-ek diru-laguntza eskaini zigula kafeak ordaindu behar ez izateko, gutxienez partaideek ezer ordaindu behar ez izateko. Gure kasuan, laguntza gehigarria behar izan dugu Getxoko Udalaren aldetik bilera-gela ordaintzeko. Esan gabe doa antolatzaile eta dinamizatzaileok ez dugula dirurik jaso ekintza honengatik.
 
 
Hitz gutxitan esanda, kfé formatuak potentziala du baina oraindik forma eman behar zaio. Mila esker, hortaz, parte hartu duzuen guztioi zuen laguntzagatik, jarrera onagatik eta pazientziagatik!
 
Ainhoa Ezeiza en Kfé Innovación #kfe03 #Getxo

Getxon aurkeztutako proiektuak

Hementxe dituzue aurkeztutako proiektuen erreferentziak, askotarikoak: 

 

Beste proiektu batzuk, bideoak eta informazio gehigarria

Espero bezala, soka ia amaigabean gabiltza artikuluak argitaratzen blogetan. Blog batetik bestera erotzen ibili gabe, hauek izan daitezke erreferentzia nagusiak, bertan topatuko dituzue gainerako artikuluetarako estekak:

 

Antolatzaile nagusien webgunea: http://www.kfeinnovacion.com/

Beraiek dira harremanetarako erreferente nagusia, informazio gehiago nahi baduzue edo zuen hiriak halako ekimen batean parte hartu nahi badu. Horrez gain, blogetan argitaratzen ari diren artikuluak dituzue eskuragarri, webguneko eskuinaldeko zutabean.

 

Getxohttp://blog.agirregabiria.net/2011/03/cronica-de-kfe-innovacion-getxo-kfe03.html

Post zehatza prestatu du Mikel Agirregabiriak (@agirregabiria) bere blogean. Bideo eta argazki ugari dituzue bertan. Saio osoa entzuteko aukera duzue bideoetan eta parte hartu dugunon erreferentziak eta estekak.

 

Bartzelonahttp://www.btvnoticies.cat/2011/03/20/kfe-innovacion-construir-la-ciutat-intel%C2%B7ligent-des-de-la-base/

Artikulua eta bideoa, BTVNoticies-en argitaratua, oso argigarria Kfé-ren jatorriaren inguruan

 

Sevilla: http://e-learning-teleformacion.blogspot.com/search/label/%23kfe03

@eraser-ren blogean hainbat artikulu dituzue bildurik #kfe03ren inguruan eta laster izango du bere kronika-hausnarketa... Argazkiak Facebook-en eta ekimenaren inguruko informazioa prentsan.

 

Lleida:  http://isabelsala-apunts.blogspot.com/2011/03/kfe-innovacion-trobada-conjunta-sevilla.html

 

Nolanahi ere,  interesgarriena da #kfe03 etiketa segitzea Twitterren, bertan gauzatzen ari baita eztabaida eta informazio-truke nagusia.

 

Add comment


Security code
Refresh

Informazio gehigarria