Creanova Europar Proiektuko bilera Bolzanon (Italia)

2010eko urriaren 2tik 6ra Bolzanon ibili naiz, Creanova Europar Proiektuko bilera transnazionalean. Proiektuaren erdia oraintxe amaitu dugunez, bigarren erdia antolatzea eta adostea izan da bilera honen helburu nagusia. Creanova proiektuaz gehiago jakiteko: 

Proiektu hau Europar Batasuneko Education and Training / Lifelong Learning Programan dago sartuta, eta finantza-iturri nagusia EACEAren laguntza da (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency - European Commision)
 

Bolzano Bolzano

2010eko maiatzaren erdialdera, nire rola proiektuan erabat aldatu zen: ikertzaile izatetik proiektu osoaren koordinatzaile izatera pasa nintzen. Beste post batean kontatuko ditut nire gorabehera batzuk rol horretan, ez baita batere erraza 8 herrialdetan kokaturiko 14 partaide koordinatzea.

 

Koordinatzaile naizenetik, proiektuan gauzatzen ari den esperimentua behatzera pasa naiz, urrutixeago kokaturik, eta horrek ikuspegi berriak erakutsi dizkit gertatzen denaren inguruan. Proiektu honek dituen berezitasun nagusiak, konplexu eta korapilotsu ere egiten dutenak, hauek direla esango nuke:

 

  • Lanbide Heziketa, Helduen Hezkuntza eta Laneko Ikaskuntza dira proiektu honetako xede. Ondorioz, irakaskuntza arautuko ikastetxeez gain, hemen "akademia" deitzen diren horiek eta enpresak inplikatu dira proiektuan. Hiru ikas-gune horiek koordinatzea ez da erraza, baina ederra da elkarrengandik nola ikasi ikertzea. Hiru esparru hauek dira gure proiektuari praktikotasuna ematen diotenak, oso "lurrari atxikiak" baitaude, ikas-beharretatik gertu-gertu.

 

  • Unibertsitateen zeregina da ikas-esperientzien baliozkotzea, hitz gutxitan esanda. Ohikoa da unibertsitatean ikerketa-diseinu bat prestatzea eta ikasguneetara jotzea ikertu nahi den hori aztertzera, askotan modu intrusiboan. Kasu honetan alderantziz gertatzen da: unibertsitatea ikasguneen ikerketaren zerbitzura. Hori dela eta, ikerketa-prozesua malgutu behar da, argitu eta adostu. Horrez gain, ikerketa-tradizio desberdineko unibertsitateak gabiltza lanean, eta ondorioz, ez dugu berdin ikusten egin beharreko prozesua. Zenbat ikasi dugun elkarreragin honi esker! Ikerketaren diseinua ez da perfektua izango baina bai baliotsua. Era berean, esperimentuak jantzi egin ditugu eta horren balioaz orain hasi dira ikas-eragileak konturatzen: nolako garrantzia duen ikas-esperientzien atzean ikerketa-diseinu bat egotea, transferibilitateari begira.

 

  • Proiektuaren helmuga hezkuntzaren politika-egileak dira. Proiektu honetan ikertu nahi da zein faktore diren gako sormenerako gaitasuna garatzeko ikaskuntza prozesuetan, berrikuntzarako ahalmena sustatzeko. Ondorioak geuk ikasteko balio dute, jakina, baina helburua da hezkuntza-politiketan eragitea. Horregatik da hain garrantzitsua oinarri teoriko sendoa izatea, ikerketa-diseinu egokia eta prozedura onargarria. Sormena eta Berrikuntzari lotutako hezkuntza-politiketan eragitea da gure helburua... gure itxaropena.

 

  • Ikas-esperientziei lotutako dokumental bat ekoizten ari gara, bai hezkuntza-esparrurako, bai hedapen orokorrerako (telebistarako). Hori dela eta, esperientzia gauzatzeaz gain, grabazio ugari egin dituzte bideo-eskolako ikasle-irakasleek, Finlandiako enpresa baten zuzendaritzapean. Hala, ikasi dugu egiteaz gain, egindakoaren gainean ikertzeaz gain, egoki proiektatzeak ere garrantzi handia duela: irudiak, mezua, gidoia, zuzendaritza... Horretan ere, estilo desberdinak egon dira, aniztasuna ziurtatuta egongo da.

 

  • Hori dena, zortzi herrialdetan gauzatzen ari da, 14 partaideren artean. Konplexua, korapilotsua hainbatetan, oso aberatsa, zalantzarik gabe. Europa eratzen dugun herrialdeok ez dugu denok status bera, ez legez baina ezta prestigioz ere, eta halako proiektu batean nabarmena da hori. Hala ere, desberdintasun handienak ez datoz herrialdetik, ezta hizkuntzatik ere (ingelesez egitea zenbaitetan oztopo larria bada ere, pentsa zer den Gizarte Zientzietan ikertzea ondo ez dakizun hizkuntza batean); desberdintasun handiena jakintza arlotik dator, soziologoak, psikologoak, ingeniariak, pedagogoak, irakasleak, arte ederretako eta sormeneko lanbideetako profesionalak... 
 

Zer izan da garrantzitsua Bolzanoko bileran? Azkenean hasi garela elkar ulertzen denon artean. Pentsa ze poza izan den niretzat puntu horretaraino heltzea. Proiektuaren lehen urte eta erdian talde txikitan lan egin dugu baina orain unea heldu da elkarrekin aritzeko eta elkarrengandik ikasteko, eta puntu horretantxera iritsi gara. Serio eta era berean, giro onean aritu gara lanean, eta emaitzak laster hasiko gara argitaratzen.

 

Bide batez, asko eskertzen diet Tangram Srl.ko partaideei, Bolzanon hain ongietorri ona emateagatik; hiri ederra, garagardo ezin hobea eta giro lasaia, juxtu behar genuena. Oporretarako gomendatzen dizuet, batez ere mendizaleak bazarete!

 Dolomitak

 

Add comment


Security code
Refresh

Informazio gehigarria