Creanova Proiektuaren nondik norakoak: laburpena

2010eko urtarrilaren amaieran Finlandiara joateko aukera paregabea izan nuen, Creanova Europar Proiektuaren diseinu esperimentala argiago definitu eta ikerketaren parte praktikora pasatzeko fase horretaz hitz egiteko

Negu gorria Helsinkin aurten. Itsasoa izoztuta ikustea harrigarria benetan!

 Creanova Proiektuan (2009-2011) jakin nahi genuke zein diren ikaskuntza-testuinguruan sormena lantzeko giltzarriak ikasle horiek lan-esparruan berritzaile izan daitezen, hitz gutxitan esanda. Horregatik, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, lan-testuinguruetako ikaskuntza eta Lanbide Heziketa dira gure azterguneak.

 

Europar Batasuneko Lifelong Learning Programaren barruan dago proiektua eta hauek dira parte hartzen duten herrialdeak edo eskualdeak: Eskozia, irlanda, Estonia, Italia, Akitania eta Euskadi.

 

Lanbide Heziketa, enpresa teknikoak eta kreatiboak eta gobernuak ari dira proiektuan.

Gehiago jakiteko webgune ofiziala hauxe da (oraindik hornitzen gabiltza): http://creanova-project.eu/ Laster Facebook-en ere izango du txokoa.

 

Orain arte, proiektuan marko teorikoa finkatzen aritu gara. Hau bereziki zaila izan da baina, aldi berean, oso aberasgarri: partaide bakoitzaren ikuspegia desberdina zen, diziplina askotariko pertsonak aritu baikara lan horretan: soziologo, psikologo, pedagogo, irakasle, arte ederretako aditu... Nork bere hizkuntza du eta akordiotara irizteko lan handia egin behar izan da, bereziki gure unibertsitatearen barruan, ardura nagusia geuk hartu genuen eta.

Bibliografia astindu eta herrialde desberdinetako autore eta ikertzaileen lanak aztertzeaz gain, prozesu paraleloa zabaldu genuen: herrialde bakoitzak hainbat praktika on identifikatu zituen, bere testuinguru zehatz horretan bikaintzat hartzen diren praktikak, hain zuzen ere. Ondoren, praktika horien ezaugarriak aztertu eta ondorio teoriko batzuk erauzi genituen. Zorionez, ondorio horiek koherenteak ziren marko teorikoan hartutako bidearekin.

 

Creanovako marko teorikoa nola eraiki den

 

Prozesu horretan, jarrera batzuk erabaki dira proiektuaren oinarri izango direnak:

  • Sormena ez da garatuko talentuaren ikuspegitik. Sormena gizaki orok duen gaitasun gisa definitu da, hortaz, gara daitekeen kualitate gisa
  • Berrikuntza gizartearen hobekuntza bilatzen duen ekimen gisa definitu da, gizarte-berrikuntza, berrikuntza ekonomiko hutsetik haratago. Berrikuntza mota hori hobetsiko da gure proiektuan, hala, praktika bikaina izango da berrikuntza-mota hori bilatzen duena eta ikaskuntza-prozesuetan hori bultzatuko da.
  • Sormena eta berrikuntza ulertzeko modu asko dago. Proiektu honetan, ikaskuntza-prozesuetan eragitea ahalbidetzen dutenak hartuko dira kontuan, ikaskuntza baita arretagune, pertsona helduen ikaskuntza, lan-munduari begira dagoen ikaskuntza, eta testuinguru horretan hartuko dira erabakiak.

Izan ere, asko eta asko idatzi da sormenaz eta berrikuntzaz, ikuspegi askotatik, baina aipatutakoak dira proiektu honen ardatzak, definizioz, bestelako bideak badaudela jakinik ere. Ez naiz hemen jarriko eztabaidatzen zer den berrikuntza eta abar, proiektuan termino horiek lantzeko eskaria jaso genuen eta horregatik ari gara hitz horiek erabiltzen, nahiz eta orokorrean nahiko kritikoa naizen "Berrikuntza" hitzaz egiten den erabilera publizista horrekin.

 

Hurrengo artikulutxoan: sormena eta espazio fisikoa (laster...)

 

Escribir un comentario


Código de seguridad
Refescar

Información adicional