Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia

Euskal bloggerren Getxoko "presazko" bileraren kronika #vaticina

Zer gertatuko da 2010. urtean? "Presazko" bilera Getxon

Atzo goizean @agirregabiria -ren gonbitea jaso nuen arratsaldean Getxora hurbiltzeko, eta beste zereginik ez nuenez (hori nahiko harritzekoa da) familiari proposamena luzatu eta egunpasa joan ginen, lehendabizi Bilbora eta gero Getxora.

 

Mikel Agirregabiriak bilera bideoan grabatu zuenez, esan-egin guztiak bere blogean dituzue, onena duzue bertara jotzea:

http://blog.agirregabiria.net/2009/12/cronica-de-predicciones-para-el-2010.html

Bideoan batetik bestera doan haurra nirea da, familia naturaltasunez mugitzen ikasi dut, haurrek ere helduen bizitzan parte hartzen ikasi behar baitute. Neu ere txikitan aitarekin joaten nintzen bere lan-kontuetan eta oso baliagarria izan zitzaidan munduaren ikuspegia hedatzeko.

 

aurreikuspenak familian / vaticinando en familia
Irudia:  http://farm5.static.flickr.com/4002/4216735044_ca1738c6e5.jpg

 

Nire ikuspegia emango dut, ba, jorratutako gaien inguruan:

1) e-booken salmenta (hardwarea): opari polita da, ikusgarria, baina oraindik jende asko dago portatila ere ez duena. Probableagoa da ultraportatilen salmenta nabarmen igotzea, ze e-book-ik gabe liburu elektronikoak irakur daitezke, ez dira ezinbesteko. Internetera konektatzea bai, ezinbesteko (izango) da.

 

2) Politika 2.0: gai honetaz ez dakit askorik. Kultura politikoa badut, baina ikusi da hauteskundeak amaituta politiko gehienak ahaztu egin direla 2.0ari buruz. Hala ere, ondo ikusten dut politika aldatzeko presioak egotea, eta blogariak izango dira presio hori eragingo dutenak. Gai honetan, beraz, nik entzun eta ikusi, baina ez hitz egin.

 

3) Manifestua: ados nago interesgarria izan dela egun bakar batean eragindako mugimendua. Interesak egon direla atzean manifestu hori ateratzeko eta ez beste batzuk? Ba bai, hori beti izaten da hala, hori ez da ezer berria. Kontua da manifestua sinatzea pertsona jakin batzuei ordezkaritza ematearen sinonimo bihurtu dela, eta pertsona jakin horiek orain forma juridikoa eman nahi diote manifestuari. Nahiago izan dut nire blogean manifestua argitaratu baino, lalistadesinde.net-en parte hartu, ausartagoa eta anitzagoa iruditzen zait.

 

4) Interneten ordezkaritza: aurrekoaren harira etorritako gaia honakoa. Euskadin aurtengo udan izan genuen horretaz hausnartzeko aukera, eta nire ustez, askoz naturalagoa izan zen egoerari aurre egiteko modua kasu hartan. Orduan Eusko Jaurlaritza izan zen polemikaren gunea Software Askeari lotua @txipi-k http://softwarelibre.deusto.es/ webgunean argitaratutako post bat zela eta, orduan Eusko Jaurlaritzak @txipirekin hitz egin nahi izan zuen polemika baretzeko; Txipiren jarrera oso zintzoa izan zen: asanblearako deia egin zuen iritzi gehiago jasotzeko (gehiago jakiteko: http://softwarelibre.deusto.es/de-eskola-librea-a-aske/ edo blog honetako kronika). Manifestua idazteko prozesua gutxienez gardenagoa izan behar zen eta anitzagoa, besterik ez bada ere susmo txarrak murrizteko.

 

5) Emakumeen 2.0 partaidetza: gai hau zeharka aipatu zen baina nire iritzi laburra emango dut. Topikoetan erortzea oso da erraza gai honetan, @noemipastor -ek aipatutakoarekin bat nator: internet horretan ez da aurrez aurrekoaren desberdina. Eta horri beste ideia bat erantsiko nioke: emakume asko gabiltza interneten eta oihartzun txikiagoa badugu ez da berez gutxiago mugitzen garelako, baizik eta egiten dugunak ez duelako prestigio sozial handia. Aurrez aurreko bizitzan bezala, interneten ere gehiago estimatzen dira "gizonezkoen" munduak. Datu negatibo bat: EHUko Informatika Fakultatean matrikulatu diren emakumeen kopuruak behera egin du nabarmen (informatikan ondo jantzia egoteak prestigio handia du sarean). Neu ere, gizonezkoz inguratuta ibiltzen naiz IKT formazioan, nahiz eta ikuspegi didaktikoa izan emakume pedagogoak nahiko urrun kokatzen ari direlako teknologiatik. Hortik, neurri handi batean, Eskola 2.0 Lehen Hezkuntzan sendotzeko zailtasuna, orain noa gai horretara...

 

6) Eskola 2.0: aparteko post bat idatzi behar dut gai honen inguruan, beraz, ahalik eta laburren ariko naiz hemen. Nire datorren urterako aurreikuspenaren gaia izan da. Oraindik ordenagailuak zentruetara iristeko zain gaude baina baikor hasi behar dugu prozesua. Oso ondo dakit zein zaila den eskola aldatzea, ordenagailuak programazioetan integratzea, eskoletako dinamika aldatzea... baina baikortasuna ezinbestekoa da prozesu berriei ekiteko. Ez nago ados Gobernuak prozesua hasteko hartutako bideari, baina ohituta nago tokatzen zaizkidan kartekin jokatzen. Gai hau oso sakona da, hemen bakarrik kontutxo hauek aipatuko ditut:

- Netbook horiek ordenagailu "normalak" izan behar dute, ez "egokituak". Ordenagailu "normalek" duten softwarea izan behar dute. Haurrei ordenagailu "egokituak" ematea da haur txikiei onomatopeiez hitz egitea bezala: haurraren adimenarentzako ofentsa. 0-6 haurrek hardwarean egokitzapenak behar izango dituzte beharbada, besteak beste eskuko hezurrak ez dituztelako oraindik garatuak. Hortik aurrera, edozein ordenagailuk balio du ikuspegi horretatik (gure haurrak urtebete zuenetik erabiltzen ditu ordenagailuak, laguntza pittin batekin)

- Haurrek lan interesgarri asko egin ditzakete ordenagailuan. Esperientzia dezente garatu dira dagoeneko Lehen Hezkuntzan, ez dugu gurpila asmatu behar. Gakoa: ikasleak, haurrak sortzaile, editatzaile, argitaratzaile bihurtzea, erabiltzaile kritiko, bilatzaile on. Ordenagailuek Eskola eta Hezkuntza iraultzeko ahalmena dute, etekina ateratzen bazaie. Baikorra naiz, baina errealista: hau ez da egun batetik bestera gertatuko, ezta leku guztietan ere. Baina garbi dago irakasleek ikasleekin batera ikasiko dutela, ikasleei uzten badiete irakasten, lotsa barik.

- Netbook-ak etxera eramatea ez da beharrezkoa haurrek eskolan denbora baldin badute euren erara erabiltzeko, ez soilik "ariketak" edo "lanak" egiteko. Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute etengabe konektaturik egon behar eta ordenagailua beti aldean eramateak arazo gehiago eragiten ditu abantailak baino. Hasteko: adin horretako haurrek beste tresna elektroniko batzuk dituzte netbook-aren beharrik gabe. Gure eskolako iazko inkestan, adibidez, bi haurrek soilik ez zuten bideokontsolaren bat (%70ek hiru kontsola zituzten). Hona datuen azalpena: http://www.slideshare.net/ainhoaezeiza/ikt-inkesta-ikasbiden.

10 urteko haur bati objektu garesti bat ematea arazo-iturri bat ematea da. Adin horrekin fisikoki asko mugitzen dira oraindik, halako kargak ez die mesederik egingo. Eskola askotan aspaldi lortu genuen haurrek liburuak hemendik hara eraman behar ez izatea, orain portatil bat ematea atzerapausoa da nire ustez. Izango du denbora, adinez aurrera egin ahala, interneterako joera hori garatzeko, ez dezagun orain egin ingelesarekin bezala: guk ikasteko aukera izan ez genuenez, haurrak agobiatuko ditugu eskolatik kanpoko akademiekin ingelesa ondo jakiteko, haurrak egon daitezela beti ordenagailu aurrean internet erabiltzen onak izan daitezen. Bestela, oparitu ordenagailuak familiei, ez haurrei. Netbook bat familia bakoitzeko eta wifia doan. Eta bitartean, ez kargatu haurren motxilak.

 

 7) "Errealitate areagotua": nik uste dut @ibax -en aurreikuspena izango dela doituena, ados nago berarekin, 2010 errealitate areagotuaren urtea izango da, bai bideojokoei lotua (Invisimals izango da joko-izar horietariko bat), bai negozioei lotua (http://mashable.com/2009/12/26/augmented-reality-marketing/ via @euskaljakintza). Sony-k horren aldeko apustu garbia egin du, Lego ere hasia da eta oker ez banago, Mac ere ari da horren integrazioan. Datorren urteak bisualitate-bide berriak ekarriko ditu seguru.

 

Invizimals irudia / imagen Invizimals PSP
Irudia: http://farm5.static.flickr.com/4053/4217966839_394b78e2bb_o.jpg

 

 

Eta honekin, amaiera emango diot kronikari. Gaia segitu nahi baduzue, bilatu #vaticina Twitterren. Arratsalde polita pasa genuen atzo, errepikatzeko modukoa. Bakarrik espero dut datorren urtean Mac-en arropa-lerroko zerbait ekartzea Olentzerok!

 

Add comment


Security code
Refresh


Webgune hau Creative Commons lizentziapean da CC-by-sa 2014 Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia. Zenbait eskubide erreserbatuta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.

Gai nagusiak

Crowdfunding

Trust and create

by Denise Carbonell on Flickr CC-by

"Trust and create"
Denise Carbonell on Flickr - CC-by

Ni twitterren

Nire Twitter:

Jolasean: @ainhoaeus

@ainhoaeus
 

Txintxo-formal: @ainhoaezeiza

@ainhoaezeiza, photo by @otxolua

 

Lanean...

moodlemoot euskadi 07

Virtualcampusen aurkezten

Sagardotegian, iKide Team

Argazki gehiago...

Potachovizatutakoen afaria

Webgunearen Lizentzia

Creative Commons License

Irakurrienak

RSS jarioak

feed-image Feed Entries

Hezkuntza eta Hizkuntza

Musika pixka bat

La literatura es un tesoro

Proiektuen Mazedonia

Nor dabil?

33 bisitari ditugu eta ez dago kiderik online

Liburuetatik Ikasten

Podcast