Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia

La asamblea de majaras del software libre

Eskola Askerako Software Librea


Aurreko larunbatean, 2009ko urriaren 3an, Bilbon bildu ginen batzuk Eskola 2.0 dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan banatuko diren ordenagailu eramangarriek software librea eramango zuten ala ez argitzeko eta, bide batez, horrek esan nahi duenaren inguruan proposamenak egiteko.

Udako kulebroiaren ostean, antza denez, Eusko Jaurlaritzak “hitz eman du” (paperetan ez dago ezer oraingoz) eskoletara banatuko diren ordenagailuek abiatze bikoitza izango dutela, Windows eta Linux,  eta sistema eragilearen gainetik doan softwarea software librekoa izango dela: OpenOffice, Gimp, Inkscape, Tuxpaint, Tuxtype... eta ez dutela izango software horren baliokide pribatiboa (adibidez, ez dutela eramango Office). Kulebroiari buruzko informazio gehiago nahi duenari gomendatzen diot asanbleako bideoa ikusteko, bereziki @txipi -k emandako hasierako azalpena. Txipiren blogean bertan duzue bideoa eta beste blog batzuetan bildutako iritziak: http://softwarelibre.deusto.es/de-eskola-librea-a-aske/

Asanblea ondo joan zela iruditu zitzaidan, horretan Dani Gutierrezek (ITSAS/EHU) zeresan handia izan zuen, ondo nabaritu zen bere eskarmentua eta seriotasuna. Software Librearen inguruan jarrera eta sentsibilitate asko biltzen dira eta batzen gaituena izan genuen gehiago hizpide, bereizten gaituena baino. Ondorio gisa, lan-talde batzuk sortu dira prozesu osoa behatzeko, bultzatzeko eta ahal dela, bidean laguntzeko. Lan-talde hauek hobeto ezagutu eta, animatzen bazarete, parte hartu nahi baduzue, hauxe duzue wikia: http://mundurat.net/eskolalibrea (gaur sartuta: 2009/10/08 dena oso argi dago bertan azalduta: dinamikak, taldeak, proposamenak...)


Xabi ordenagailuan
Nire ustez, aurrerapauso garrantzitsua da eskoletara software librea helaraztea, bide naturala baita IKTen erabilera bide berri batetik ibiltzeko. Haurrei ez zaie inporta software bata ala bestea ikasi eta horregatik, aukeran hobeto librea, baina horrek bultzatuko du familiengana ere iristea, eta horrek asko esan nahi du software librea gizartean integratzen hasteko. Baina errealista naiz eskolatan lan egiten dudalako eta horregatik, badakit ez dela nahikoa eman den pauso hau. Honako alderdiak indartu behar direla ikusten dut, argi eta garbi:

1. Irakasleak prestatu behar dira. Horretarako, berritzeguneek ikastaroak eskainiko dituzte eta interneten dauden tutorialak eta laguntzak ezer ez dakienaren mailara egokitu behar dira. Gehienetan, software libreari lotutako laguntza-foroak eta tutorialak maila jasoko pertsonei begira daude eginak, oso diskurtso arrotzean hasiberrientzat eta pertsona gazteei begira eginak. Laguntza errazagoak, laburragoak, argiagoak eta eskuragarriagoak behar dira, asanblean Maite Goñik aipatu bezala. (#eskolalibre etiketa proposatu zen baina orain badirudi #askea izango dela edo #eskolaskea )

2. Irakasleak pertsuaditu behar dira, limurtu. Ulerrarazi behar zaie zergatik utzi behar diren powerpoint, word, photoshop eta moviemaker atzean eta zergatik ikasi behar duten programa berriak ikasten. Ulertu behar dute zergatik den hobe ubunturekin hastea eta ez windowsekin, zein inplikazio tekniko eta etiko dituen horrek.

3. Ordenagailuek software librea izateak ez du balio erantsi handirik ekartzen ikas-metodologiei lotuta. Hau, jakina, ez da larunbateko asanbleako ardatz, ez zen honetan hitz egiteko lekua, baina pedagogiaren ikuspegitik, programak ez dira hain adierazgarri. IKTak ikastetxeetako hezkuntza-proiektuan, curriculum proiektuetan eta programazioetan txertatu behar dira, zentzuz eta modu esanguratsuan, eta ez “jar dezagun hemen ariketatxo bat ordenagailuarekin”. Horrek, jakina, berrikusketa sakona eskatzen du, ezin baitzaizkie proiektuei gauzak gehitu ezer kendu gabe. IKTen zutabea gehitu ordez, ikasketa-prozesuetan esplizitu egin behar da IKTen lekua

Ikas-materialen eta argitaletxeen gaia hurrengo baterako utziko dut. Software Librea Jakintza Aske bihurtzeko gai honi heldu behar diogu batez ere didaktika kontuetan gabiltzanok, baina urratsez urrats joan gaitezen ;-)

 

Post-scriptum: oraintxe hasiko omen dira portatil berriak erakusten eta probatzen. Berritzeguneetan? Eeez. Hezkuntza Saileko ekimen publiko batean? Eeeeez. El Correo-k, Petronorrek eta Euskaltelek antolatutako Euskadi 5.0 ekimen pribatuan, gaztelania hutsean eta Euskal Herriko eragileak kontuan izan gabe antolaturiko ekimen pribatuan. Ondo hasi gara ba, gero eskatuko digute Eusko Jaurlaritzan konfiantza izateko :(

 

Add comment


Security code
Refresh


Webgune hau Creative Commons lizentziapean da CC-by-sa 2014 Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia. Zenbait eskubide erreserbatuta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.

Gai nagusiak

Twitterren

Bizitzen... eta Twitter erabiltzeari uzten ;-) @ainhoaeus

ainhoaeus - zaintzak - cuidados
 

Kontu "ofiziala" (euskaraz): @ainhoaezeiza

@ainhoaezeiza, photo by @otxolua

 

Webgunearen Lizentzia

Creative Commons License

Crowdfunding

Trust and create

by Denise Carbonell on Flickr CC-by

"Trust and create"
Denise Carbonell on Flickr - CC-by

Irakurrienak

RSS jarioak

feed-image Feed Entries

Hezkuntza eta Hizkuntza

Musika pixka bat

La literatura es un tesoro

Proiektuen Mazedonia

Nor dabil?

220 bisitari ditugu eta ez dago kiderik online

Liburuetatik Ikasten

Podcast