Euskal Literatura eta Eskola I: testuinguratzen

Euskal literatura eta gaitasun literarioa

Euskal literaturaz hitz egiteak 600.000 eta 700.000 hiztun inguruko hizkuntza komunitateaz jardutea esan nahi du; horixe du oinarrizko erreferentzia-testuinguru euskal literaturak, eta horrek, jakina, bi kontzeptu gakotan eragiten du zuzen-zuzenean: alde batetik, hain komunitate murritzean idazle-kopurua eskasa da, ezinbestean. Muga horri merkatuaren tamaina erantsi behar zaio, izan ere, euskal hizkuntzan oso saldutako liburu batek ere oso ale-kopuru txikia izango du, eta ondorioz, idazleen %5 besterik ezin da euskal literaturan profesionalki aritu.

irakurtzen / leyendo / reading


Hala ere, euskarazko liburuaren historian sekula ez da orain bezainbeste argitaratu: euskaraz argitaratu diren liburuen %75 azken hogei urteotan argitaratutakoak dira. Euskal hiztunen alfabetatzearen areagotze nabarmenak, salmenta- eta banaketa-sistemaren normalizazioak, autore eta argitaratzaileen lanak eta, oro har, hizkuntza politikak ekoizpena handitzea sustatu dute, baita argitaratutakoaren kalitatea eta aniztasuna ere.


Ezaugarri bereiztaile hauek kontuan izan behar dira literaturaren didaktikaren inguruko erabakiak hartzerakoan. Eskolak funtsezko zeregina du haur eta gazteak euskal literaturara hurbil daitezen gaztelaniar literaturaren merkatu zabalaren aurrean, ez hainbeste ikasteko objektu gisa, egintza ludiko gisa baizik, euren dimentsio estetikoa, kulturala eta soziala nabarmenduz.

Literatura-diskurtsoa behar-beharrezkoa da identitatea eraikitzeko. Testu literario batek duen alderdirik garrantzitsuena ez da testua bera, baizik eta irakurtzeko egintzaren ondorioz irakurleari gertatzen zaiona. Irakurriz, irakurleak testuaren beraren eta mundu berri posibleen sorreran aktiboki parte hartzen du, eta informazioa bigarren mailan geratzen da. Horixe da, beharbada, gaitasun literarioaren ezaugarri bereiztailea gainerako irakurketen aurrean: garrantzitsuena ez da testuak dioena, baizik eta zein buru-sorkuntza  berri eragiten dituen bere irakurketak.


Gaitasun literarioaren definizioa hauxe da: testuen irakurketari ezaugarri kultural eta estetiko-ludiko jakin batzuekin ekiteko gaitasuna. Halaber, hizkuntzaren malgutasuna eta berorren konbinazioak eskaintzen duen aukera zabala atzematea ahalbidetzen du. Horrek esan nahi du euskal literatura eskolako eguneroko jardunean integratuz haur eta gazteek hizkuntza eskola-edukiez haratago garatzeko aukera izango dutela. Horrek garrantzi izugarria du euskararen kasuan, izan ere, haur eta gazte askok ez dute eskolaz gaindiko inolako hizkuntza erreferentziarik, eta literaturaren esparrua landu gabe hizkuntzaren ikuspegi tekniko eta akademizista izango dute.


Add comment


Security code
Refresh

Informazio gehigarria