PBL

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza #PBL #novadors12 jardunaldietan

 

IX Jornades Novadors 2012 - Innovant: Canvi i TIC #novadors12

http://novadors12.wikispaces.com/

 

Uztailaren 2 eta 3an Novadors IX jardunaldietan parte hartzeko zortea izan nuen, Juanfratic-ek egindako lan eskergaren emaitza bikaina. 300 irakasle baino gehiago elkartu ginen Alcoi-n gure irakaskuntza hobetzeaz arduratuta eta gure ideiak beste irakasle batzuekin partekatzeko irrikan. Beste behin, desbirtualizazio masiboak, besarkadak eta kafe/garagardo-elkarrizketa asko partekatu genituen, zenbaitetan oso triste, langabezian geratuko diren irakasleen kasuan adibidez.

 

 

Begira ze talde polita Maruk egindako argazkian, gure klaustro birtualeko kide batzuk (ezker-eskuin):

@SrLluisTomas@antonio_garrido@mcadenato@Anna_Sorolla@Isabel_Ruiz,

@dasava@NicolasaQM@capileiratic eta @mcarmendz 

Claustro tuitero en #novadors12

 

Servilleta networking #novadors12 de @mcadenato @xiscolir @joaquineku @tonisolano @daniyecla, @marudo76 y @antonio_garrido

 

Ez naiz korapilatuko ekitaldiaren kronikarekin, hemen duzue kronika eta artikuluen bilduma, @xpascual-i esker:

http://tic-y-docencia.blogspot.com.es/2012/07/novadors12-links-twitters.html

@juanmadiaz-ek EducaconTIC webgunerako egindako kronika:

http://www.educacontic.es/blog/ix-jornadas-novadors-novadors12

... edota @marudo76-k bere blogean idatzitakoa:

 

Artikulu honetan, bertan eman nuen itxiera-hitzaldiaren sintesia egingo dut. Lehenik eta behin, oso pozgarria izan zen niretzat Novadors Elkarteak nigan pentsatzea jardunaldi hauek ixteko, eskerrak eman nahi dizkiet hemendik ere nigan jarritako konfiantzagatik.

Ohi lez, hilabeteetan ideiak pentsatzen, hautatzen eta baztertzen ibili ondoren, bezpera arte ez nuen itxitura eta berez, aurkezpena uztailaren 3ko goizean zehar amaitu nuen. Azken erabakiak hartzeko salan egongo zen jendea ezagutu behar nuen, euren kezkak edo interesak, ahal bezainbeste hurbildu.

 

Hona azkenean erabili nuen aurkezpena, eta ondoren, aurkezpenaren sintesia:

 

Proiektuetan oinarritutako Ikaskuntza (PBL, Project based Learning), "lanak egitea" baino haratago 

Jardunaldien leloa "Aldaketa: berrikuntza eta IKTak" bazen ere, oso gutxi aipatu nituen IKTak, hasieran soilik, berrikuntza hitzaren lagun ere ez naiz (askotan ezer ez aldatzeko behar den "titularra" baino ez da izaten) eta aldaketaren ordez, eraldaketa aldarrikatu nahi dut.

 

Testuingurua 

 

  • Software librean egindako aurkezpena

Aurkezpena guztiz software librean oinarrituta garatu da: Ubuntu sistema eragile gisa, Libre Office aurkezpena egiteko eta Gimp irudiak editatzeko. Hautaketa sinplea, oinarrizkoa eta teknologiaren aurrean posizio argi bat adierazten duena: Kontsumismoa sustatu nahi dugu ala iraunkortasuna? Zenbaitetan, IKT tresnekin korapilatzen gara eta atera den azken tramankulua edo programa eraman nahi dugu ikasgelara; hori ondo dago, baina ez da behar-beharrezkoa. Berrikuntzak itsutzen gaitu eta nire ustez, denbora gehiegi eskaintzen diogu teknologiari berari, bestelako ikasketen kaltetan.

Baina gainera, ideologikoki, software librea "doako softwarea" baino askoz gehiago da, nork bere programak, egokitzapenak eta abar egiteko aukeraz gain, elkarlanean programatzea sustatzen da. Zerikasi asko dugu hezkuntzan programatzaileengandik.

 

  • Ubuntu, Debianen oinarritutako Linux banaketa baino gehiago da

Ubuntu hitza bantuarra omen da, eta Afrikako ideologian oso zabalduta dagoen kontzeptu ideologiko bat http://en.wikipedia.org/wiki/Ubuntu_(philosophy): "naizena naiz garena garelako". "Kontua ez da ez aberastea; baina horrek egiten ote du zure komunitatea hobetzea?" (Nelson Mandela). Zer egiten dugu gure komunitatea hobea izan dadin? Buruan ote dugu ideia hau gure heziketa-ekintzetan?

 

  • Egoera ekonomikoa oso latza da... baina zer egiten dugu geuk, hezitzaileok, horren aurrean?

Komunitatea hobetzeko ideia buruan badugu hezitzaileok (eta nire ustez, noski, beharko genuke hezitzaile izateko), bereziki desberdin egin behar ditugu gauzak ekonomiarekin batera hondoratuko ez bagara. Datuak beldurgarriak dira: eskola-porrotaren mapa eta langabeziarena bat datoz (mapa hauek @basajaun-ek pasa zizkidan Twitterren goiz ero batean). Eskola-porrota honela definituta: DBHa gainditu ez dutenen kopurua.

 

Pentsa dezakegu ez dugula zerikusirik datu horrekin... baina zer pentsatua ematen du. Irakasle askok uste du ezin duela gauza handirik egin "tokatu zaizkion ikasleekin" ("autobetetako profezia" deritzona), honetaz zerbait idatzi nuen orain dela gutxi "Don't accept me as I am". Edo pentsa dezakegu edukietan eta banakakoengan zentratzeak kalte egin diola gure hezkuntzaren ikuspegiari, ikusmira sozialaren kaltetan.

 

Eskola-porrota, eskola-uzte goiztiarra eta ekonomia

 

  • Lehen Hezkuntzaren eta DBHren arteko jauzia itzela da kasu gehienetan

Nola da posible DBH amaitzeko hainbeste gaztek izatea zailtasuna? Nola da posible espainiar estatuan eskola-uzte goiztiarra horren altua izatea? Catalunyan %29,6, Valentziar Komunitatean %29,2, Murtzian %35,5... Espainiaren batezbestekoa %28,4koa da, baina, aldi berean, haurren eskolaratze goiztiarra ia %100ekoa da, Europako ia altuena: %98koa. Alegia: haurrak txiki-txiki direla hasten dira eskolan baina 16 urte dituztenean ez dira minimora iristen eta eskola uzten dute proportzio handian... ez al dute zenbakiek min ematen?

 

Giles Tremlett-ek The Guardian-en argitaratu bezala (via @interele @jlcastilloch), Lehen Hezkuntzatik Bigarrenerako jauzia ikaragarria da. Berez, Lehen Hezkuntzako eskola askotan metodologia aktibo eta partaideagoa egingo lukete Bigarren Hezkuntzaren "beldur" ez baleude. Asko eskatzea ez da, berez, txarra; nik berez gehiago "eskatuko" nieke Lehen Hezkuntzako haurrei, galdera da: zer eskatu? Taula periodikoa buruz jakitea, balentzia eta guzti? Europako ibaien zerrenda?

 

Haur eta gazteei denbora galarazten diegu eskolan. Batzuk aspertzen dira, beste batzuk deskonektatu eta beste batzuk erotzen ditugu batezbesteko altuak izateko. Gaur bertan jakin dut UPV/EHUn Medikuntza ikasteko 12,12ko lehen eten-nota jarri dutela (via @profesorjano). Hau da, sisteman aurrera jarraitu nahi dutenak eduki zentzugabeak ikasten itotzen ditugu eta bitartean, unibertsitatean (eta beste) arrakastatsu izango liratekeen asko bazter uzten ditugu.

 

  • Eta Gipuzkoan, zer?

Zorionez, egoera bereziko lurraldean bizi naiz. Datuak begiratzera joan eta zur eta lur geratu nintzen: eskola-uzte goiztiarraren eta langabeziaren datua ber-bera da! Ministerioko datuen arabera, 2010-2011 ikasturtean Gipuzkoako uzte-tasa %11,9koa izan da, eta 2012ko apirileko langabezia-tasa: %11,9koa. Estatuko datuen aldean, esan daiteke Gipuzkoan gauzak ez dabiltzala gaizki, ezta? Zer du ba Gipuzkoak berezi eskola-porrota Europakoaren azpitik egoteko (estatuko baxuena) eta langabezia (oraingoz) kontrolpean egoteko (estatuko baxuena, diferentzia handiz)?

 

Askok diote gipuzkoarrok oso ekintzaileak garela eta ondorioz, ekintzailetasunari lotutako ikastaroak ematen dira han eta hemen, gaitasun-gakotzat jo da leku askotan. Baina nire ustez ekintzaile izatearena ez da kausa, ondorioa baizik. Gipuzkoan hedatuta dagoena gizarte erantzukizuna da eta horrek eragiten du enpresak sortu nahi izatea eta bestelako ekintzak. Enpresa asko kooperatibak dira eta ondorioz, langileek erabakietan parte hartzen dute. Enpresetan hartzen diren erabakietan aintzat hartzen da inguruko komunitateari nola eragin diezaiokeen. Horregatik ez da "pelotazoaren kultura" zabaldu. (Oh.: analisi azkarra dela badakit, gipuzkoarren kultura-mailak eragin handia du eta horrek ere faktore historikoak ditu, gizarte-erantzukizunari lotutakoak, besteak beste). Gipuzkoan, gizarte erantzukizunak gizartea, kultura, ekonomia blaitzen du.

 

Pentsa dezagun hezitzaileok gizarte erantzukizuna eta berau garatzea dugula buruan programazioa idazten dugunean, materialak hautatzean, ikasgelan sartzean... Pedagogiaren "teknifikatzeak", teknikak aplikatzen ikasteak eta ikasleak ikuspegi psikologikotik ebaluatzeak ez du mesede handirik egin orain arte; gizartea hobetzea badugu helmuga, gure komunitatea hobea izatea, errazago hartuko ditugu erabaki didaktikoak. 

 

Baina... zer da jakintza? 

 

  •  Jakintza ez da zatikatu daitekeen behi bat

 Gipuzkoako eskoletan (Euskal Herrikoetan oro har), egia esan, metodologia desberdinak esperimentatu dira: testuinguruetan antolatutako ikaskuntza (Amara Berri eredua, adibidez), zereginetan oinarritutako ikaskuntza, simulazioan oinarritutakoa, kultura ardatz duen irakaskuntza, tertulia dialogikoak eta azken boladan hedatzen ari diren ikas-komunitateak... baina metodologia hauek denek jarraitzen dute jakintzaren kontzepzio okerra proiektatzen: ulertzen da jakintza zatikatu daitekeen osotasun bat dela, zatikatu daitekeen behi bat. Jakintza zatikatu eta irakasle bakoitzak zati bat eskaintzen die ikasleei: matematika, hizkuntza, biologia, marrazketa...

 

Eta oso zaila da xerra bat ikusi eta behi bat irudikatzea... baina arazoa da jakintza ez dela osotasuna duen unitate logiko bat. Jakintza munduan zehar barreiatutako elementuak dira, modu askotara nahastu eta konbinatu daitezkeenak. Eskolan irakasten dena irakasten den bezala ez du zentzurik, baina gainera, irakatsi behar dena, batez ere derrigorrezko irakaskuntzan, oso zalantzan jartzen dut. 

 

  •  Jakintzaren aniztasunean eraikitzea ez da erraza

Pieza (ia) infinituak ditugunean, eraikitzen trebeak ez bagara, azkenean betiko piezak erabiltzeko joera dugu, betikoa egiteko. Lego-ko piezen analogian, nire haurra gai da buruan ideia bat sortzen zaionean, behar dituen piezak zein diren erabakitzeko, baita prozesu onena hautatzeko ere, nahi duen hori eraikitzeko. Egiten duenaren inguruko feedbacka eskatzen du eta "oso ondo, oso polita" eta halako ebaluazioekin (Haur eta Lehen Hezkuntzan hain ohikoak) ez da konforme geratzen, horrekin ez du hobeto egiten ikasten. Gaizki ateratzen bazaio, desegiten du eta errepikatu edo beste gauza bat egiten du.

 

Niretzat prozesu hori oso argigarria da. Jakintzarekin hori bera egiteko gaitasuna izatea jakintza eraikitzeko gako da, eta ez horrenbeste Lehen Hezkuntzako denbora-tarte handia eragiketa matematiko errepikakorrak egiten pasatzea.

 

Baina gainera, jakintza-piezak, jakintza-unitateak ez dute zertan izan aurrez finkatutakoak, berriak egin baitaitezke, normalean elkarrekin konektatzen ez diren jakintzak elkarlotzea posible egiten dutenak, elkarreragingarriak. Analogiari segiz, Lego-ko piezak, mekanoak, Tentekoak eta abar elkarren artean konektatzea posible egingo luketenak: Free Universal Construction Kit (via @josianito

Free Universal Construction Kit

Free Universal Construction Kit http://fffff.at/free-universal-construction-kit/ 

Egiten ditugun planteamendu metodologikoetan, aurreikusi behar dugu orain arte inoiz ikusi ez ditugun konbinaketak gerta daitezen, konbinaketa libreak, orain arte egin ez den eraikuntzak posible izan daitezen.

 

PBL, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza 

 

  • Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, ikaskuntza eraikitzeko eredu irekia

Nola lortu orduan ia elementu infinituak dituen jakintza eraikitzen laguntzea gure ikasleei,  jakintza euren kasa eraikitzen ikas dezaten, eta eraikitzen duten hori gero eta sakonagoa, anitzagoa, konplexuagoa izatea? Eta, areago: Nola lortu eraikitzen duten horrek gizarte erantzukizunaren ikuspegia izatea?

 

Ez dago, noski, erantzun bakar bat baina proiektuetan oinarritutako ikaskuntzak ondo erantzun dezake (ez du esan nahi erantzuten duenik, baina ahalmen hori badu). Proiektuen bidez ikastea eta proiektuak egitea ez da gauza bera. PBL metodologia, askotan galdera eragile batetik abiatzen da, irakasleak proposatua edo ikasleek berauek, eta galdera horren erantzunaren bila lan egiten da. Irakaslea trebea bada, berehala ikusiko du noiz sortu den galdera eragile bat bere ikasleen artean, @agarridodiez-ek "The Great Fire of London" eta "London's Guide" proiektuetan ikusi zuen bezala (Lehen Hezkuntzako 2. mailako proiektua, CEIP Rosales del Canal, Zaragoza).

 

Aurkezpenean PBLko hainbat adibide txertatu ditut eta aurkezpena prestatzeko dokumentuan esteka gehiago daude:

https://docs.google.com/document/d/1XBfppEifenba8r7YAe2JabXCVY3Qs7jHlkzQS5ekYAw/edit 

 

  • Nola has naiteke PBL metodologian?

Ikuskatzaileen "beldur" dauden irakasleek ere PBL metodologian lan egin dezakete, ez beharbada urruti eramanda, baina bai "legez" zintzo dokumentatzeko moduan. Ez da huskeria zenbat irakaslek dituzten (ditugun) zailtasunak PBL ereduan lan egiteko, baina modu xumeagoan behintzat, dena ondo dokumentatuta froga daiteke behar denaren aurrean gure lana betetzen ari garela. Penagarria da horrela ibili behar izatea, baina arrisku-kasuetan dena ondo dokumentatzea komeni da, lan handia bada ere. Pentsa gaitasunetan lan egitea eskatu badigute, berez PBLn lan eginda "legezkoagoak" garela edukietan oinarrituta lan egiten duten gure lankideek baino.

 

Orokorrean esanda, gure eskoletan egiten ditugun proposamenetan askatasuna, desberdinen arteko elkarreragina eta jakin-mina, jakiteko beharra sustatzea da bidea, PBL izan edo beste planteamendu batzuk izan, nork bere testuinguruko aukerak baliatuz, Creanova Proiektuko interpretazio-ereduan proposatu genuen bezala:

Creanova Project - Interpretation Model 

 

 

Eta orokorrean, laguntza, aliatuak, lankideak, tratuak bilatu behar dira, irakasgaiak elkartu, lankideekin proiektuak sortu, eta lankideekin ezin bada, kanpoko irakasleak, enpresak, eskolak, udalak, elkarteak... bilatu. Proiektuak sinesgarriak izateko edo egiazkoak, oso ondo etortzen dira aliatu komunitarioak edota birtualak.

 

Ahal izanez gero, orain arteko proiektu kurrikularrak eraldatu behar ditugu, "erre", ahaztu eta berriz hasi behar da, jakintza modu zabalean ulertuta eta diziplina banaketa egin ordez, irakasle-talde mixtoak eginda, ikasleei eskatzen diegun bezala. Ez da erraza baina ez da ezinezkoa.

 

  • Nola ikas dezaket PBLn lan egiten?

Garbi dago irakasleen formazioak murrizpen handia jasango duela datozen urteotan. Horregatik, funtsezkoa da elkarren arteko formazio-ekimenak antolatzea, formalak eta informalak, gure ikastetxearen barruan eta beste irakasle batzuekin.

 

Formazio horretan, nik neuk oso kontuan izaten ditut Buck Institute for Education - BIE erakundeak egiten dituen proposamenak. Sarean lantresna, bideo eta aukera ugari eskaintzen dute, doan: http://www.bie.org/ PBLri buruz duten ikuspegia une honetan ezagutzen ditudan artean onena iruditzen zait eta Haur eta Lehen Hezkuntzarako proposamenak ere badituzte, baita Bigarren Hezkuntzakoak ere. Normalean PBL munduan unibertsitatearekin lotzen da, eta BIEk egiten duen proposamena beste batzuena baino esanguratsuagoa izateaz gain, maila formal guztiak hartzen ditu.

 

Estatuan, Proyéctate sarean hilabete gutxitan izugarrizko aurrerakada egin dute. Oso lan-talde indartsua osatu dute EABE12tik EABE13 Motril Nodoa osatu dutenek eta dagoeneko material asko eta eztabaida interesgarriak abiatu dituzte: http://proyectate.ning.com/

 

Beste ekimen interesgarri bat da iaz Donostian abiatu genuena: PBL eta Metodologia Aktiboen estatuko jardunaldiak #pblesp. Twitterren etenik izan ez duen etiketa. Dagoeneko webgunea berreskuratzea lortu dugu eta azarorako lehen liburua argitaratzea espero dugu: http://www.bitiji.com/blogs/pblesp/

 

 

Beno, honaino iritsi bazara irakurtzen, zorionak eta eskerrik asko! Ez da erraza ordu eta erdiko hitzaldia laburtzea... baina idatzita gorde nahi nuen ;-)

We Can Do It - Rebel Alliance 

We Can Do It - Rebel Alliance http://designyoutrust.com/wp-content/uploads/2012/06/Alliance_011.jpg

 

Add comment


Security code
Refresh

Informazio gehigarria