Ebaluazio dinamikoa eta sare-ikaskuntza

"Don't accept me as I am"

Hortxe nabil ebaluazioaren gaiarekin bueltaka, tesia dela eta ez dela, eta arreta eman zidan ebaluazio dinamikoaz irakurtzen ari nintzela, honetaz Feuerstein-ek 1988an idatzitakoa:

"Zenbat eta bitartekaritzadun ikaskuntza esperientzia gehiago izan haurrak, gaitasun handiagoa izango du ikaskuntza-egoerei bere kasa etekina ateratzeko. Eta aldiz, bitartekaritzadun ikaskuntza esperientzia gutxi izanez gero, oso etekin txikia aterako die ikaskuntza-zereginei" (Feuerstein et al, 1988:58)

 

Autore hau ezaguna da Heziketa Berezia deitzen den alorrean baina ez horrenbeste esparru horretatik kanpo. Izan ere, Feuerstein entzutetsu egin zen batez ere "atzeratu" gisa etiketatutako haurrekin egindako lanagatik (horietariko batzuk unibertsitatera ere joan ziren, baita doktore izan baten bat, doktore izatea erraza ez zen garaian), baita adimena eta ikas-gaitasunak ebaluatzeko egindako test-bateriengatik ere (LPAD, Learning Potential Assessment Device). Hauxe da aipuaren jatorrizko liburuaren izenburua:

 

Feuerstein, R., Rand, Y., Rynders, J.E. (1988). Don't accept me as I am: helping "retarded" people to excel. NY: Plenum. (Amazon.com-en)

 

Aipua eta izenburua, biak harturik, ikaskuntza informala, PLEak (Personal Learning Environment), konektibismoa eta Google, denak batera etorri zaizkit. Izan ere, horixe da sare-ikaskuntzaren arrisku nagusia: bilaketa-algoritmoak, konexioak, lagunak... sarea gero eta pentsatuago dago zarena izateko eta gero eta zailagoa da (eta izango da) bidetik irtetea. Eli Pariser-rek oso ondo azaldu zuen TED hitzaldi honetan:

 

 

Geuk bezala pentsatzen dutenekin elkartzen gara, geure interes eta esparruko pertsonak aurkitzen ditugu edo aldez aurretik bilatu dugunaren araberako emaitzak ematen dizkigute bilaketek. Horregatik, lehenago egin dugunak baldintzatzen du gerora izango garena.

 

Baina Vigotski-k berak argitu zuen Garapen Hurbileko Eremua deskribatu zuenean, 1930 urte inguruan: ez da pentsatu behar ikaslearen etorkizuna orain denaren jarraipena dela, ebaluatzeko sistema gehienek suposatzen duten eran. Horregatik, ez da nahikoa ikasleak orain dakiena diagnostikatzea, horrez gain ezinbestekoa da aztertzea laguntza emanez gero zer ikasteko prestatuta dagoen. Hortaz, ebaluazioa etorkizunari begira egin behar da eta ez orainari. Ez da inportantea zer naizen, baizik eta zer izateko potentzialitatea dudan.

 

Aurre-ebaluazioaren eta amaierako ebaluazioaren arteko desberdintasunak alderatzea ez da ebaluatzeko bide egokia, baizik eta eskuhartze tarte horretan ikaslearen erantzunetan egitura-aldaketak gertatu diren ala ez atzematea.

 

Zer da "Bitartekaritzadun Ikaskuntza Esperientzia"? (Mediated Learning Experience - MLE)

Pedagogia edo Magisteritza ikasi duzuenok seguru honetaz dezente ikasiko zenutela. Ikuspegi honen arabera, ikaskuntza esperientziek heldu edo aditu baten bitartekaritza behar dute Garapen Hurbileko Eremuan aurrera egiteko eta ikaskuntza esanguratsua izan dadin.

 

Feuerstein-ek eta bere kideek 1988an 11 ezaugarri deskribatu zituzten MLEri loturik, baina horietarik garrantzizkoenak goi-mailako pentsamenduari begira lehen hirurak dira:

 

1. Intentzionalitatea eta elkarrekikotasuna: ez da nahikoa ikaskuntzarako estimuluak prestatzea, ikaskuntza eraikitzeko asmo hori izan behar da eta ikaslea gidatu, berfokatu, orientatu... Horrez gain, ikasleak ez du izan behar prozesuan ikasten duen bakarra; irakasle rola duenak ere ikaskuntza horren parte izan behar du, eta ez ikaskuntza-objektuaren orojakile transmisore.

 

2. Tranzendentzia: "hemen eta orain" ikuspegia hautsi eta urrunago, zabalago begiratzeak izan behar du ikaskuntzaren jomuga.

 

3. Esanahiaren bitartekotza: tranzendentzia intentzionalitatez eta elkarrekikotasunez iristeko, esanahia negoziatu eta bitartekotu egin behar da. Definizioak eta prozedurak emateak ez du jakintza eraikitzen. Hurbilpenak behar dira eta horien gainean eraikitzen joan, eta ez jakintza perfektua eta itxia.

 

Sare-ikaskuntza eta ikaskuntza informala sustatuko badugu, ezaugarri hauek dituzten ikas-esperientziak sortu behar ditugu. Lehen esan bezala, zenbat eta gehiagotan izan honelako ikas-esperientziak, hainbat errazago izango da ikaskuntza-aukerak baliatzea geure kasa, bitartekotzarik gabe. Honek esan nahi du "ikasten ikasteko teknikak eta estrategiak" alde batera utzi eta ikaskuntza-prozesuak berrikusi behar direla printzipio eta ezaugarri hauen harira.  Izan ere, ikerketen arabera ezer gutxi ikasten da berez, ikaskuntzaren aurrean, aurrez bitartekaritzarik izan ezean, edo behintzat, oso zaila izango da saltoak ematea eta aurrez garenetik haratago jotzea.

 Gustave Doré, 1876 - The Albatross - Wikipedia

Eta bestela, ikaskuntza-aukerak ur gazi izango dira guretzat, Sarrionandiak maisuki itzuli zuen "Marinel Zaharraren Balada", "The Rime of the Ancient Mariner", Coleridge-ren koplak dioen eran:

Day after day, day after day,

We struck, nor breath nor motion;

As idle as a painted ship

Upon a painted ocean.

 

Water, water, every where,

And all the boards did shrink;

Water, water, every where,

Nor any drop to drink.

 

Egunik egun, egunik egun,

Trabaturik geratu ginen, haizerik ez, higidurarik ez;

Itsasuntzi pindatu bat

Ozeano pindatu batetan bezain alferrik.

 

Ura, dena ura inguruan,

Eta oholak kizkurtu egiten ziren;

Ura, dena ura inguruan,

Eta tanta bat ere ez edateko.

 

Gehiago jakiteko... 

  • Vigotski-ren biografia eta pentsamendua berrikusirik (via @el_lur):

Dubrovsky, S. (comp.) (2000). Vigotski. Su proyección en el pensamiento actual (google book)

  • Ebaluazio dinamikoaz, Vigotski-z eta kontu hauetaz liburu honen laguntzaz gogoratu naiz:

Poehner, M.E. (2008). Dynamic Assessment. A Vygotskian Approach to Understanding and Promoting L2 Development. Pennsylvania (AEB): Springer.

Liburuen blogean egin nuen aipamen bat (eu): http://liburuak.blogspot.com/2012/02/ebaluazio-dinamikoa-eta-hizkuntzen.html 

 

Add comment


Security code
Refresh

Informazio gehigarria