Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia

#kfe05 Donostian: Ikaskidetza Sarea #EAS01

Saretik lokalera, lokaletik sarera: #kfe05 hiritar proiektuak

Beste behin, Kfé Innovación-ek egindako deialdiari uko egin ez eta lan-kontuak zirela eta oso garai txarra bazen ere, animatu nintzen #kfe05 Donostian antolatzera, Mikel Gartziarekin batera.

Kfé Innovación 

Oraingo kfé-a desberdina zen: aurreko deialdiaren arrakastaren ostean, solasalditik haratago joatea proposatu zen: proiektu jakin bat aurrera ateratzeko ahalegina. Proiektu asko proposatu ziren 32 egoitzetan: ekintzailetasuna, udal irekia, eskola irekia, berrikuntza... hementxe duzue egoitzen koadroa:

 

http://www.kfeinnovacion.com/cuadro-de-sedes-kfe05/

 

Europaranzko bidea egiten hasteko ahalegina egin zen eta espainiar estatuko eta Amerikako hainbat egoitzaz gain (Monterrey, New York, Quito, Huachinango), Londresen eta Berlinen ere antolatu ziren kfé-ak. Egoitza guztietan izpiritu bera genuen buruan: glokalizazioa, lokalaren aldarrikapena globalean, ekimen lokalen konexioaren indarra, eta irekitasunaren garrantzia. Edozein hiritarrek edozein lekutan antola dezake kfé bat eta kfé-an parte hartzen duen edonork du beste edonoren maila bera, berdin alkate izan, ikasketa handiko pertsona edo baliabide askorik gabeko norbait.

 

Hementxe duzue prentsaurreko oharra (gaztelaniaz eta euskaraz): http://www.kfeinnovacion.com/nota-de-prensa-kfe05/

Eta hemen klikatzen baduzue, kfe05-en aurkezpen bideoa ikusiko duzue: http://www.kfeinnovacion.com/anecdotas-que-son-la-esencia-post-kfe05/

 

Donostiako ekimena: Ikaskidetza Sarea

Donostiako egoitza Mikel Gartziak @mikelsgartzia eta neuk @ainhoaeus koordinatu genuen. Koordinatzaile izateko baldintza da Twitterren kontua izatea eta pertsona fisikoa izatea. Mikelek lan handia egin zuen kartela eta bideoa egiten eta benetan eskertu behar diot, neu estu eta larri bainenbilen lan-kontuekin. Mikelekin duela urtebete inguru hasi nintzen elkarlanean, Lehen Hezkuntzako graduan neure ikasle izan ondoren, eta lehenago ere PBL Jardunaldietan oso lan handia egin zuen antolaketan.

Kfé Innovación #kfe05 Donostia 2012
Kartelaren egilea: Mikel Gartzia, M. Angel Herrero eta Appejux-en irudietatik (cc-by-sa-nc)

 

Egoitza honetan kfé-a euskaraz egin genuen lan, eta eskertzekoa da euskaraz ondo jakin gabe hurbildu ziren hiru partaideren jarrera. Hizkuntzen kudeaketa konplexua da sareak eraiki nahi direnean, edozein hautuk kanpoan uzten baitu hiritar multzo bat, eta sentsibilitatea behar izaten da elkar ulertzeko. Gaztelania hutsezko ekimenetan euskaldunak baztertuak sentitzen dira (gara) eta euskara hutsezkoetan, euskaraz ez dakitenak.

 

Elkar ikusteko eta sarea ehuntzeko, bi hizkuntzak erabili behar direla iruditzen zait euskarari lehentasuna emanez hizkuntza minorizatua izanik, eta hartara, elkarrizketa euskaraz izanik, Twitterren tuit elebidunak jarri genituen, partaideek eztabaidaren haria behintzat ez galtzeko. Nolanahi ere, euskarari lehentasuna ematea erabaki genuen, horrez gain, oso gutxi baitira tankera honetako sare-ekimenak euskaraz Donostian.

 

#kfe05 #eas01 

 

Bilera Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako (UPV/EHU) kafetegian egin genuen (Foursquarren "Moñi's Taberna" bezala batailatu genuena, erdi txantxetan, @jgdelsol eta biok). Eskerrak eman behar dizkiegu bai tabernariei eta bai eskolako atezainei, berez zentroa 20:30etan ixten baita eta guk, kfé-aren ordutegia errespetatzeagatik, baimena eskatu genuen 21:00etan ixteko.

Ikaskidetza Sarea sortzeaz aritu ginen solasean, Aurretik, ideia batzuk bildu genituen hutsean ez eztabaidatzeko, hemen bildurik:

 

https://sites.google.com/site/ikaskidetzasarea/

 

Sareak sortzeko zailtasuna izan genuen abiapuntu. Ekimen asko antolatzen da egunero, tankera askotakoak, eta gehienetan zaila izaten da jende-multzo txukun bat biltzea. Gaiak interes handia pizten duenean ere, askotan dena antolatzeko lana hartu eta pertsona pare bat baino ez da hurbiltzen, eskola-inguruko ekitaldietan gertatzen den bezala. Zailtasun hori kontuan hartuta, hainbat praktika on aipatu genuen, besteak beste, blog honetan lehenago ere aipaturiko Pintxos&Blogs edo, informalago eta irekiago, Musika Parkean; edo Kantu Jira, auzoz auzoko ekimena, guifi.net pittin bat urrutiago eta beste hainbat.

 

Ikaskidetza Sarearen bereiztailea, bere izenak dioen eran, elkarrekin ikastea izango da, alegia, edonork irakats diezaioke edonori berak dakien zerbait, eta edonork ikas dezake beste pertsona batengandik. Horrek, noski, ikaskuntza informalaren kontzepziora garamatza zuzenean.

 

Asko hitz egiten da ikaskuntza informalaren garrantziaz, are gehiago gaur egun interneten hedapenarekin, baina ikusten dugu ez dela hain erraza ikaskuntza hori kontsumismo eta errazkeriatik haratago joatea edo nodo berrietara jauzi egitea. Elkarrelikadura zirkularrean erortzeko arrisku nabarmena dago edo bestek guretzat markatutako bidera lerratzekoa. Ikaskidetza Sarearen proposamen honen bitartez, ohikoak ez diren harremanak bultzatu nahi dira, normalean elkarrekin egongo ez liratekeen pertsonen arteko harremanak: adin-tarte desberdinekoak, jatorri desberdinekoak, jakintza desberdinekoak...

 

Nonbaitetik hastearren, proposamena izan da hemendik ekainera bitartean 4 edo 5 saio antolatzea, ordu pare batekoak, saio bakoitzean gai desberdina harturik, eta era berean, ekimena zabaltzen hastea, sarea poliki ehuntzen joateko. Ideia da Donostia inguruko pertsonak harremanetan jartzea erraztea, gai bat hartuta topaketa txikiak antolatzeko. Aipatu genuen gai teknologikoak eta ez teknologikoak hautatzea izan daitekeela onena, hasteko, hartara teknologian oso jantziak ez diren pertsonek ere ekarpenak egin ahal izateko. Gai interesgarriak proposatu ziren: sare sozialen erabilera, lorazaintza eta bonsaizaintza, sareak eta konexioak nola egin (guifi.net-en harira), zinema eta azpititulatzeak, hezkuntza berrikuntza... Onena: tuitak irakurtzea (.pdf) ;-)

 

Ekimen honetaz gehiago jakitea interesatzen bazaizu, eman zure izena horretarako sortu dugun webgunean:

https://sites.google.com/site/ikaskidetzasarea/home/izena-eman

 

Blog honetan ere emango dut aurrerapausuen berri, edo bestela, bidaliguzu eposta bat Mikel Gartziari ( E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ) edo neuri ( E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ).

 

kfe05 eas01 bukatzen, terminando 

 

Bide batez, eskerrak eman nahi genizkieke parte hartu zutenei:

@jonaltuna@agara@alaznegonzalez@mertxejbadiola@aitoruranga@gitarraeskola@julialandin@jmandonegi, Aurea, Carmen

Baita interesa adierazi badute ere etortzerik izan ez zuten beste hainbati eta, jakina, @kfeinnovacion-eko lantaldeari.

 

Kfé-en inguruko argitalpenerako Goteo Crowfunding deialdia

Azkenik, dei egin nahi nizueke kfé-etan eztabaidatzen dena argitaratzeko egin nahi den liburu elektronikorako zuen laguntza ematera. 10 €, 30€ edo 100€-ko ekarpena egin dezakezu, anima zaitez zure bultzada ematera!!

http://www.goteo.org/project/ciudades-educadoras

 

Add comment


Security code
Refresh


Webgune hau Creative Commons lizentziapean da CC-by-sa 2014 Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia. Zenbait eskubide erreserbatuta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.

Gai nagusiak

Crowdfunding

Trust and create

by Denise Carbonell on Flickr CC-by

"Trust and create"
Denise Carbonell on Flickr - CC-by

Ni twitterren

Nire Twitter:

Jolasean: @ainhoaeus

@ainhoaeus
 

Txintxo-formal: @ainhoaezeiza

@ainhoaezeiza, photo by @otxolua

 

Lanean...

moodlemoot euskadi 07

Virtualcampusen aurkezten

Sagardotegian, iKide Team

Argazki gehiago...

Potachovizatutakoen afaria

Webgunearen Lizentzia

Creative Commons License

Irakurrienak

RSS jarioak

feed-image Feed Entries

Hezkuntza eta Hizkuntza

Musika pixka bat

La literatura es un tesoro

Proiektuen Mazedonia

Nor dabil?

29 bisitari ditugu eta ez dago kiderik online

Liburuetatik Ikasten

Podcast