Literaturarekin jolasean Mariano Ramos Mejía-ren laguntzaz2009/2010 ikasturtearen erdian Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan hasi nintzenean irakasgai berriak ematea egokitu zitzaidan oso denbora laburrean. Horietako bat Literatura irakasgaia izan zen, Esperientzia Geletan. Esperientzia-gelak 55 urtetik gorakoentzako eskolak dira, 4 urtetan unibertsitate-titulu bat lortzeko aukera ematen dutenak: Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua. Denetariko ikasleak datoz: berdin izan dezakezu klasean idazle bat, merkatari bat, irakasle bat edo etxekoandre bat, 55 urte bete berria edo 80 urtetik gertu dagoena... horrela 48 ikasle. Baina guztiok dute ikas-mina, jakin-mina eta bizitzari zukua ateratzeko gogoa. Horrek egiten ditu berezi. XVII mendetik XXrainoko Espainiar Literatura emateko enkargua eman zidaten, niretzat guztiz berria. Ni Hizkuntzen arloan mugitu izan naiz betidanik eta Literatura ikuspegi historikotik aspaldi ez nuen aztertu, urteak. Eskolak astean bi egunetan nituenez, astearteetan, saio laburrean (1h), literaturaren parte kronologikoa landu nuen, eman zidaten programa txintxo-txintxo errespetatuz. Ostegunetan, berriz, bi ordu genituenez, literaturarekin jolasteko proposamena egin nien ikasleei. Literaturarekin jolaseanOsteguneko saiorako programa prestatu banuen ere, askatasuna izan nahi nuen ikasleen erantzunaren arabera proposamenak moldatzeko edo aldatzeko. Horregatik, honelaxe argitu nien osteguneko plana: "Ostegunetan sorpresa izango dugu, ez dizuet aurreratuko zer egingo dugun baina prest etorri idazteko, hitz egiteko eta irudimena astintzeko" Horrekin batera, interneten leihotxo bat zabaldu nien, blog batekin: Ikasle hauek ez dute trebetasun handirik ordenagailuetan eta ez da gauza erraza 48 ikasle ordenagailu-gelara eramatea (behin egin nuen, esperientzia polita izan zen baina oso korapilotsua) baina nahi nuen beraiek sentitzea zer den sarean aktibo izatea, ez soilik informazio-kontsumitzaile. Horregatik, batzuetan lanak paperean ematen zizkidaten edo epostaz eta nik argitaratu blogean. Ostegunero, proposamen berri bat ekartzen nien programari lotua, gero eta proposamen ausartagoak, konplexuagoak eta beraiek gero eta asebeteago sentitu dira, libreago idazteko eta irakurtzeko. Literatura euren eskuetaraino iristea izan da helburua, euren burua gutxietsi gabe. Nolabait esateko, literaturaren demokratizazioa bilatu dut. Literaturarekin jolasteko inspirazio-iturri ezinbesteko izan dut Mariano Ramos lauhilabete honetan. Twitterren ezagutu nuen Mariano, bere @_Orientar_ kontuarekin. Bere webgune profesionalean enpresa-aholkularitza lantzen du: http://orientaronline.com.ar/site/
Eta bereziki gustuko dut orientaziorako blog hau: http://blog.orientaronline.com.ar/
Gai horiek asko gustatzen zaizkit, besteak beste Laneko Psikologian espezializatu nintzelako. Betidanik izan dut enpresa-psikologiarako joera eta oso atsegina da ikustea nola lortu duen Marianok orientazioa eta ikaskuntza elkartzea, oso post didaktikoak egiten baititu. Ba Marianok gainera alderdi sortzaile-artistiko ederra du, sormena asko garatzen baita hizkuntzarekin jolasean eta horren oso jakitun da bera. Ederra izan da bere "Microclimas" webgunea, oso inspiragarri: http://microclimas.tumblr.com/
Orain, gainera, #ClubSeis webgune bihurtu du eta larunbateko jolasa bertan geratzen da bildurik. Nola, ez dakizu zer den #ClubSeis? Ba larunbateroko jolas bat, sei hitzetan zerbait adierazi behar da egun horretan proposatzen den hitza erabiliz. Begira webgunean: http://www.clubseis.com.ar -> Hemen, #ClubSeis-eko arauak
Ikusten duzuen bezala, Mariano oso jostaria da eta Literatura-saio hauetarako gakoa eman zidan: " Kontua ez da zure bizitzako esaldirik ederrena sortzea; hori bilatzen baduzu ez duzu ezer idatziko. Ez mugatu zure burua, gogora etortzen zaizuna bota ezazu eta gozatu jolasarekin. Etorriko dira esaldi politak"
Horixe behar zuten ikasleek: urteak eta urteak eman dituzte euren pentsamenduak lerro zuzenera ekartzen, euren sormena mugatzen eta zenbait kasutan, emakumezkoen kasuan batik bat, euren burutazioak gutxiesten. Hesi horiek hausteko erronka izan da literatura-saio hau. Marianok inspiratu nau, ideiak eman dizkit, baita animoak ere aurrera segitzeko... irakasleok badakizue zer den klasetik sentsazio txar horrekin irtetea eta animoak oso ongietorriak dira halakoetan, baita klase on baten amaieran sentitzen den gorakada hori entzuten duen inor egotea ere. Marianok gatza bota die nire klaseei eta horri esker, ikasleak protagonista sentitu dira,euren sormenekin eta aldamenekoekin gozatu dute eta gainera, internetez zituzten aurreiritzi asko gainditu. Hementxe dituzue gure blogean elkarrekin egin ditugun gauzatxoetako batzuk: Halakoxeko esperientzia interesgarriak garatu daitezke Twitter bidez. Benetan erotuta gaude!! Eta ero gehiago baleude munduan...
|