Egunkaria Libre!

Egunkaria libre!
http://egunkaria.info

La lista de Sinde

Twitter

License of this website

Creative Commons License

Music to enjoy the visit

Working...

moodlemoot euskadi 07

presentation in Virtualcampus

Sagardotegian, iKide Team

More photos...

 


Ainhoa Ezeiza


Who's online?

We have 72 guests online

Txiojarraitzaileak

@ainhoaeus Twitter followers 2009/08/24
Nagusia
2009-2010 ikasturtea: irakasgai berriak PDF Print E-mail
My CV
Sunday, 07 March 2010 11:05
There are no translations available.

2009-2010 ikasturtea: berdonostiartartzen

Ikasturte hau Gasteizen hasi eta berehala, azaroaren hasieran Donostiara mugitzeko aukera izan nuen. Hautaketa zaila izan zen, ez baitzegoen garbi zenbateko iraupena izango zuen kontuak, eta aldi berean beste eskaintza interesgarri bat jaso nuen. Azkenean, nire lan-ibilbidearen logikari segitu nion, behatzak gurutzatu eta Donostiara itzuli nintzen lanera, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolara, hain zuzen ere. Orain, lehengo sail berean nago, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika, Donostiako sekzioan.

Aldaketa korapilotsua izan zen, Gasteizko ikasleak tutorizatzen jarraitzen nuen eta aldi berean, bi irakasgai berri prestatu behar nituen berehalakoan, kontratua sinatu bezain laster hasteko. Orain unibertsitatean irakasgaiak aldatzen ari direla, bitxia egiten zait nola larritzen diren lankide batzuk irakasgaia aldatu behar dutelako, hobeto esanda, zertxobait moldatu, eta beste batzuok 48 ordu edo gutxiago izaten ditugu irakasgai bati heltzeko, gainera beste pertsona batek hasitakoa eta ikasleak haserre, klaseak galdu dituztelako.

Orain lasaixeago nabil, beste bi irakasgai berri ditut bigarren lauhilabetean baina behintzat, berkokatu naiz, berdonostiartu, eta orain hobeto sentitzen naiz. Lanera pasiatzen edo bizikletan joateak benetan asko laguntzen du.

 Magisteritza Eskola elurtuta, webgune ofizialetik hartua

Irakasgaiak:

1. lauhilabetea:

- Elebitasuna eta Hezkuntza (gaztelaniaz), 1. mailako enborrezkoa, Lehen Hezkuntza eta Heziketa Bereziko espezialitateko ikasleekin. irakasgai honetan ikasleek oso partaidetza handia izan dute, irakasgai teoriko huts izatetik teoria eta praktika ondo uztartzeraino. Metodologiaren oinarria: ikasleek beraiek formulatu dituzte irakasgaiaren oinarri diren galderak, galdera intuitiboak, eta gero erantzuten joan dira, neure feedbackaren laguntzaz, teoriara eta ikerketetara joz eta interpretatuz. Irakasgaiaren gune birtualerako esteka: http://ainhoaezeiza.edumoot.com/course/view.php?id=5 (bisitari gisa sartu).

Ikasleek asko disfrutatu dute eta iruzkin onak egin dizkidate. Zoritxarrez, irakasgai hau ez da existituko datorren ikasturtetik aurrera, beraz, ezin berrerabili eta hobetu.

 

- Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika (gaztelaniaz), 2. mailakoa, enborrezkoa (nik bakarrik Hizkuntza atala), Heziketa Bereziko espezialitateko ikasleekin. Irakasgai hau ezin izan dut eman nahi nukeen bezala,4 aste baino ez ditut izan, eta erdian ikasleak praktiketara joan dira. Zentzu horretan frustrante samarra izan da, baina ikasleek, hala ere, esker ona erakutsi didate, oso enfoke praktikoa izan duelako eta, aldi berean, teorian esaten dena ulertzen lagundu omen diet. Beraiek gustura, neu ez horrenbeste, baina tira! Datorren urtean berriz emango dut (ustez) eta orduan hobetuko dut. Irakasgaiaren gune birtualerako esteka: http://ainhoaezeiza.edumoot.com/course/view.php?id=6 (bisitari gisa sartu).

Irakasgai hau da gehien gustatzen zaidana, esan daiteke hau dela nire espezialitatea.

 

2. lauhilabetea:

- Practicum II (euskaraz). Lehen Hezkuntzako espezialitateko 27 ikasle tutorizatzen ari naiz, ikastetxe desberdinetan banaturik. Euren zeregin nagusia da unitate didaktiko bat diseinatu (edo aztertu), aplikatu eta ebaluatzea. Taldeka antolatu ditut nahiz eta zentru desberdinetan egon, elkarren artean diseinuak alderatzeko. Gaitasunen kontzeptua ulertzea da gehien kostatu zaiena -ez nau harritzen- baina uste dut ideia zehatzagoa dutela buruan aurrez aurre egin genuen bileraren ondoren. Gune honek ere espazio birtuala du baina ezin da sartu gonbidatu gisa, haurren eta eskolen inguruko iruzkinak egiten dituztelako, baita argazkiak igo. Saiatuko naiz, amaitzen dutenean, artikulutxo bat idazten hainbat kontu laburtzeko.

 

- Espainiar Literatura III (gaztelaniaz). Esperientzia-geletako Giza-Zientzien Unibertsitate Tituluko irakasgai honek benetan Lengua y Literatura III izena du baina antolaketa-kontuak direla eta, departamentuan eskatu didate espainiar literatura lantzeko, XVIII. mendetik XX.era. Ikasle hauek euren jakintza hedatzera datoz, ez titulu baten bila, eta horregatik malgutasun handiagoa dago programa diseinatzeko. Beraiekin Blogger erabiltzea erabaki dut, ze ikasle hauetako batzuk 1. mailan zeudenean Carmen Camps irakaslearekin Erasmus ikasle atzerritarren tutore izan ziren.

Ikasle atzerritarren gaztelania ikasteko blog bat idazten dute eta Esperientzia-geletako Lengua irakasgaiko ikasleei eskaintzen zaie hizkuntzarekin laguntzeko, hala atzerritarrek hizkuntza ikasten dute eta Lengua irakasgaiko ikasleek hizkuntzaren ikuspegia aldatzen dute, nola ikasten den ikusita. Zehar bidez, IKTetara hurbiltzen dira eta bi taldeetan kulturartekotasuna (eta adinartekotasuna) lantzen dute.

Hori dela eta, ikasle batzuek Blogger ezagutzen dute, gmail kontua dute eta pittin bat errazten zait IKTetan mugitzea. Irakasgai honen berri izateko, bloga bisitatu: http://laliteraturaesuntesoro.blogspot.com, bertan duzue programa eta astez aste kontu berriak argitaratzen ditugu. Ikusiko duzuen bezala, "konplize" bat lortu dut, Mariano Ramos Mejía, Twitterren @_Orientar_, nire buruaren parte sortzaileena piztuta mantentzen didan txiolaria.

Datorren ikasturtean, Elebitasuna eta Hezkuntza ez dut emango baina bai Komunikazio Gaitasunaren Garapena - Gaztelania, Lehen Hezkuntzako espezialitatean (ECTS kreditutan, gradu berrian). Antza, berriz hartuko ditut Erasmuseko ikasle atzerritarrak (Español para extranjeros - nivel elemental) eta ez nago ziur zer "kenduko" didaten. Hori dena, orain nagoen lekuan jarraitzen badut (batek jakin!).

 

Hori dena kontatzen dizuet beharbada baten bati bururatzen zaiolako nola egin lan zerbaitetan elkarrekin. Ikertzaile serioa naiz baina oso irakasle jostalaria. Erasmus ikasleekin lagun asko izan ditut nirekin jolasean (@oscarcillo, @AliyCia, @monfor, @eRomanme, @mundaysa...) eta Literaturan ere bai (aipatutako @_Orientar eta @dificildejuglar, @nanastar...). Ikusten duzuen bezala, ongietorriak zarete nahi duzuenok.

 

Hurrengo batean hitz egingo dut proiektuen egoerari buruz...

 

 

 

 
Creanova Proiektuaren nondik norakoak PDF Print E-mail
Experience in project
Tuesday, 09 February 2010 06:57
There are no translations available.

Creanova Proiektuaren nondik norakoak: laburpena

2010eko urtarrilaren amaieran Finlandiara joateko aukera paregabea izan nuen, Creanova Europar Proiektuaren diseinu esperimentala argiago definitu eta ikerketaren parte praktikora pasatzeko fase horretaz hitz egiteko

Negu gorria Helsinkin aurten. Itsasoa izoztuta ikustea harrigarria benetan!

 Creanova Proiektuan (2009-2011) jakin nahi genuke zein diren ikaskuntza-testuinguruan sormena lantzeko giltzarriak ikasle horiek lan-esparruan berritzaile izan daitezen, hitz gutxitan esanda. Horregatik, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, lan-testuinguruetako ikaskuntza eta Lanbide Heziketa dira gure azterguneak.

 

Europar Batasuneko Lifelong Learning Programaren barruan dago proiektua eta hauek dira parte hartzen duten herrialdeak edo eskualdeak: Eskozia, irlanda, Estonia, Italia, Akitania eta Euskadi.

 

Lanbide Heziketa, enpresa teknikoak eta kreatiboak eta gobernuak ari dira proiektuan.

Gehiago jakiteko webgune ofiziala hauxe da (oraindik hornitzen gabiltza): http://creanova-project.eu/ Laster Facebook-en ere izango du txokoa.

 

Orain arte, proiektuan marko teorikoa finkatzen aritu gara. Hau bereziki zaila izan da baina, aldi berean, oso aberasgarri: partaide bakoitzaren ikuspegia desberdina zen, diziplina askotariko pertsonak aritu baikara lan horretan: soziologo, psikologo, pedagogo, irakasle, arte ederretako aditu... Nork bere hizkuntza du eta akordiotara irizteko lan handia egin behar izan da, bereziki gure unibertsitatearen barruan, ardura nagusia geuk hartu genuen eta.

Bibliografia astindu eta herrialde desberdinetako autore eta ikertzaileen lanak aztertzeaz gain, prozesu paraleloa zabaldu genuen: herrialde bakoitzak hainbat praktika on identifikatu zituen, bere testuinguru zehatz horretan bikaintzat hartzen diren praktikak, hain zuzen ere. Ondoren, praktika horien ezaugarriak aztertu eta ondorio teoriko batzuk erauzi genituen. Zorionez, ondorio horiek koherenteak ziren marko teorikoan hartutako bidearekin.

 

Creanovako marko teorikoa nola eraiki den

 

Prozesu horretan, jarrera batzuk erabaki dira proiektuaren oinarri izango direnak:

  • Sormena ez da garatuko talentuaren ikuspegitik. Sormena gizaki orok duen gaitasun gisa definitu da, hortaz, gara daitekeen kualitate gisa
  • Berrikuntza gizartearen hobekuntza bilatzen duen ekimen gisa definitu da, gizarte-berrikuntza, berrikuntza ekonomiko hutsetik haratago. Berrikuntza mota hori hobetsiko da gure proiektuan, hala, praktika bikaina izango da berrikuntza-mota hori bilatzen duena eta ikaskuntza-prozesuetan hori bultzatuko da.
  • Sormena eta berrikuntza ulertzeko modu asko dago. Proiektu honetan, ikaskuntza-prozesuetan eragitea ahalbidetzen dutenak hartuko dira kontuan, ikaskuntza baita arretagune, pertsona helduen ikaskuntza, lan-munduari begira dagoen ikaskuntza, eta testuinguru horretan hartuko dira erabakiak.

Izan ere, asko eta asko idatzi da sormenaz eta berrikuntzaz, ikuspegi askotatik, baina aipatutakoak dira proiektu honen ardatzak, definizioz, bestelako bideak badaudela jakinik ere. Ez naiz hemen jarriko eztabaidatzen zer den berrikuntza eta abar, proiektuan termino horiek lantzeko eskaria jaso genuen eta horregatik ari gara hitz horiek erabiltzen, nahiz eta orokorrean nahiko kritikoa naizen "Berrikuntza" hitzaz egiten den erabilera publizista horrekin.

 

Hurrengo artikulutxoan: sormena eta espazio fisikoa (laster...)

 
<< Start < Prev 1 2 3 4 5 6 7 8 Next > End >>

Page 1 of 8